Ostiralean hasiko dira Matxinbentako Santa Ageda festak

Uztarria.eus 2017ko ots. 1a, 14:09

Ostiralean hasi eta igandera bitartean egongo da zer egin eta zertaz gozatu Matxinbentan. Bertso afaria, txokolatada, Ekain Txou ikuskizuna eta Ilunpekoen pilota partidak izango dira, besteak beste.

Ate joka dira Matxinbentako Santa Ageda festak, eta ia dena prest dute jaiei hasiera emateko. Ostiralean, otsailaren 2an, emango diote hasiera Santa Agedei, eta igandera arte egongo da zer egin eta zertaz gozatu Matxinbentan.

Ostiralean, festei hasiera emateko suziriak botako dituzte, eta ondoren, 22:00etan, hasita mus txapelketa izango da, Beheko tabernan. Izen-ematea 21:30ean egin beharko da, eta bikote 20 euro ordaindu beharko dira. Garaileek txapel bana eta 200 euroko saria eskuratuko dituzte; bigarren bikoteak arkumea eta bi ardo botila eta hirugarrenak bi oilasko eta bi txanpain botila irabaziko dituzte. 

Zapatuan, Santa Ageda bezperan, goizean auzotarrak eskera aterako dira, Juanjoxe Loidisaletxe eta Iban Urdangarin bertsolariekin eta laja eta Izer trikitilariekin. Arratsaldean, berriz, Ekain Ibargurenek Ekain Txou ikuskizuna eskainiko du, 17:30ean, eta ondoren txokolatada egongo da bertaratzen direnentzat. Horrez gain, arratsalde osoan zehar haurrentzat puzgarriak egongo dira.

Gauean jarraituko dute fesarekin, izan ere, bertso afaria izango da Iker Zubeldia eta Beñat Lizasorekin. Ondoren, erromeria izango da Lidia Irigoien eta Xabier Etxaniz trikitilariekin. Afarirako txartelak aurrez erreserbatu behar dira Beheko tabernan bertan edo 943-88 63 15 telefonora deituta.

Festak amaitzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute iganderako. Goizean, goiz eresia izango da txistulariekin eta 11:00etan meza, Azpeitiko jubilatuen koruarekin. Ondoren, itxulapiko puskatzea. 11:45ak aldera pilota partidak izango dira Azpeitiko Ilunpe elkarteko pilotariekin. 12:30ean herri kirolen txanda izango da: Otaño eta Julen Alberdi Txikiya IV.a aizkolariak egurra mozten arituko dira eta harri jasotzen Mendibil eta Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a Behin herri kirolak bukatuta, Matxinbentako otarrearen zozketa egingo dute. Egun osoan zehar Itzeder eta Txibilter trikitilariek alaituko dute giroa auzoan.