Bisitak jasotzeko "inongo eragozpenik" izango ez duela jakinarazi du Josu Urbieta 'Pow' azpeitiar presoak

Uztarria.eus 2017ko urt. 31a, 12:10

Poitiers-Vivonneko presondegian (Frantzia) kide dituen Montxo Varearekin eta Raul Adunarekin batera gutuna plazaratu du, bisiten egoeraren berri emateko.

Joan den abenduan, Josu Urbieta Pow azpeitiar presoari bisita erregimena aldatu eta murriztu zion Poitiers-Vivonneko (Frantzia) presondegiko zuzendaritzak. "Bisita eskubideak urratzen" zizkietela salatu zuen orduan azpeitiar presoak. Orain, bisitak jasotzeko "inongo eragozpenik" izango ez duela azaltzeko gutuna igorri du, presondegian kide dituen Montxo Varearekin eta Raul Adunarekin batera. Horrez gain, eskerrak eman dizkiete euren "aldarrikapenekin bat egin" eta espetxeko zuzendaritzara gutunak bidali dituzten herritarrei. 

Hau da, osorik, hiru presoek zabaldu duten mezua:

"Aupa herrikideok!

Gutun honen bidez eskerrik beroenak helarazi nahi dizkizuegu, azken aste hauetan gure aldarrikapenarekin bat egin eta espetxe zuzendaritzara gutunak bidali dituzuenoi. Esan egoera konpondu dela, eta hemendik aurrera Josuk bere bisitak egiteko inolako eragozpenik ez duela izango. Aurrera begira ere kaletik eta barrutik elkarlanean aritu behar dugu euskal preso politikoen eskubideak errespetatu daitezen. Jaso besarkada eta animoak Poitiers-Vivonneko espetxetik."