Ostiralean amaituko da Emakumeen Jabetze Eskoletan izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko urt. 30a, 14:12
Emakumeen Jabetze Eskolen inguruko informazioa eskaintzeko banatu dituzten eskuorriak.

Emakumeen Txokoan egin behar da izen-ematea. Jabetze Eskolez gain, parekidetasuna bultzatzeko, herritar guztiei zuzenduta beste hainbat egitasmo ere eskainiko dituzte Emakumeen Txokoan datozen hilabeteetan.

Otsailean hasiko dira Emakumeen Azpeitiko Jabetza Eskolak, eta horietan izena emateko epea datorren ostiralean amaituko da. Izena eman nahi dutenek Emakumeen Txokora hurbildu behar dute, 16:00etatik 20:00etara bitartean. Ikastaroetan parte hartzeko plazak mugatuta daude. 

Datozen hilabeetan honako ikastaroak eskainiko dituzte Jabetze Eskolen barruan, Emakumeen Txokoan: 

  • Ahalduntzea, gorputza eta biodantzaren bitartez: 

Otsailaren 16tik maiatzaren 18ra, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara. 24 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 36 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 24 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa euskaraz izango da.

  • Historiarako emakumeak tailerra:

Otsailaren 14tik ekainaren 6ra, hamabostean behin, astearteetan, 18:30etik 20:00etara. 12 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 18 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa euskaraz zein gazteleraz izango da.

  • Erotismo eta autoezagutza tailerra:

Martxoaren 4an eta 25ean, apirilaren 29an eta maiatzaren 13an, 10:00etatik 14:00etara. 16 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 24 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 16 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa euskaraz izango da.

  • Mendi orientazio ikastaroa:

Apirilaren 22an eta 29an, maiatzaren 13an, 20an eta ekainaren 3an, 09:30etik 13:30era. 20 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 30 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 20 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa euskaraz izango da.

  • Emozioak nola landu ikastaroa: 

Martxoaren 29tik maiatzaren 31ra, asteazkenetan, 17:30etik 19:30era. 18 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 27 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 20 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa gaztelera izango da.

  • Neska gazteentzako autodefentsa feminista:

Otsailaren 3tik maiatzaren 26ra, ostiraletan, hamabostean behin, 17:30etik 20:30era. 24 orduko iraupena izango du, eta doan izango da. Ikastaroa euskaraz izango da. 

Herritar guztiei zuzendutako egitasmoak

Jabetze Eskolez gain, parekidetasuna bultzatzeko, herritar guztiei zuzenduta beste hainbat egitasmo ere eskainiko dituzte Emakumeen Txokoan: Miren Odriozolaren borroketan oinarritutako Laura esaten zioten liburuaren solasaldia izango da otsailaren 10ean; Zaindu gure burua zainduz osasun jardunaldiak eskainiko dituzte Baigerako aretoan, otsailaren 9an eta 16an; eta Zinegoak ekimenaren barruko zine emanaldia eskainiko dute martxoaren 7an, Paradisu Zinema zineklubarekin elkarlanean. Horiez gain, martxoaren 8an, kontzentrazioa, El tornillo bideo maratoia eta mokadutxoa eskainiko dituzte; Leire Arenasek koadernaketa tailerra eskainiko du otsailaren 4an, 11n eta 18an; Alaitz Badiolak Emakumea pilotari ekimena gidatuko du otsailaren 1etik aurrera; eta Edurne Salegik emakume haurdunentzat tailerra eskainiko du otsailetik aurrera. Hiru egitasmo horietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea.