Interneteko Argia Saria jaso du Haritz Odriozola azpeitiarrak, Game Erauntsia komunitatearen izenean

Uztarria.eus 2017ko urt. 27a, 18:07

Gaur banatu dituzte, Usurbilen, aurtengo Argia Sariak. Euskarazko komunikazioan nabarmendutako ikus-entzunezkoa, irratia, prentsa-idatzia, Internet eta sustapen-ekintza saritzen ditu urtero Argia-k, eta horrela egin du aurten ere. Internet arloko saria Game Erauntsia euskal bideo-jokolarien komunitateari eman diote; komunitate horretako bi kide igo dira saria jasotzera, lehengusuak biak: Haritz Odriozola azpeitiarra eta Urtzi Odriozola zarauztarra.

Amapola moreak saioak (Euskal Irratiak eta Oiartzun Irratia) jaso du irratiko saria; Ane Irabazalek prentsa idatziarena; Euskal Herria Zuzenean jaialdiak egin eta Kanaldudek zabaldutako Busti saioak, ikus-entzunezkoena; Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenarentzat izan da sustapen arlokoa; eta Imanol Urbieta musika zenarentzat izan da, azkenik, merezimenduzko Argia Saria.

Gaurko ekitaldian sariak jaso dituztenen taldeko argazkia da Argia-k sareetan zabaldutako hau. Beheko lerroan, eskubitik hasita bigarrena da Haritz Odriozola.