Dantzaleku bihurtuko da Sanagustin

Urola Kostako Hitza 2017ko urt. 26a, 13:37

Maiatza bitartean, hilean behin, areto dantzak egiteko aukera eskainiko dute Sanagustin kulturgunean. Bihar izango da aurreneko saioa, eta 22:30ak aldean jarriko dute musika.

Euskaldunek ez dutela dantzarik egiten edo Euskal Herrian ez dela dantzarako joerarik. Askotan entzuten dira horrelakoak, baina gero eta gehiago dira areto dantzak egiten dituzten euskaldunak, herritarrak, azpeitiarrak.

Horretaz ohartuta, dantzaleku bilakatuko da Sanagustin kulturgunea datozen hilabeteetan. Angel Oiarzabal dantza irakaslea da egitasmoaren sustatzaileetakoa. Hark azaldu duenez, "jende mordoa" ibiltzen da areto dantzak ikasten bai berarekin eta bai Jose Mari Orbegozorekin. "Horietako asko, eskolaz kanpo, Cafe Irunera joaten dira dantza egitera, hemen ez dagoelako aukerarik. Eta jendeak esan izan dit ederra litzatekeela herrian zerbait egitea".

Oiarzabalek uste du ez dela moda kontua, eta aspalditik dagoela Azpeitian areto dantzetarako afizioa. "18 urte badaramatzat nik dantzan, eta ez da moda kontua. Jendeari dantza egitea gustatu egien zaio, eta areto dantzetako musikak katigatu egiten du. Horrez gain, jendea ezagutzeko aukera ematen du dantzak. Zuk gustuko duzun hori atsegin duen jendea ezagutu dezakezu. Beraz, ez da moda kontua bakarrik".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean