Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideak "pozik", azken odol ateraldien kopuruarekin

Uztarria.eus 2017ko urt. 26a, 13:05

Azken odol ateraldian aspaldiko "emaitzik onenak" izan dituztela azaldu dute Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideek. Horren aurrean "pozik" agertu dira, eta hurrengo odol ateraldietan ere jendeari parte hartzeko dei egin diete. 

Atzo, urtarrilak 25, hileroko azken asteazkenetan bezala, odol emaileen hitzordua zuten anbulatorioan, eta Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideak "pozik" agertu dira hurbildu zen herritarren kopurua ikusita. Aurrez dei egin zieten adin guztietako azpeitiarrei odola ematera hurbiltzeko, "kezkatuta" baitaude odol emaileen kopuruak behera egin duelako azken bi urteetan. Euren deiak erantzuna izan zuela ikusi zuten atzo, eta azaldu dutenez, "aspaldiko emaitzik onenak" zenbatu zituzten; izan ere, 104 pertsona gerturatu ziren anbulatoriora odola ematera. Horietatik batzuk ezin izan zuten odola eman, eta guztira 96 odol ateraldi zenbatu zituzten. 

Jendea odola ematera animatu dela ikustea "oso garrantzitsua" dela esan du Ramon Etxeberria Odol Emaileen Elkarteko kideak. Horregatik, datozen hilabeteetan ere odola ematera animatu nahi ditu herritarrak, eta gazteak, bereziki. 

Hurrengo odol ateraldia otsailaren 22an egingo dute, 17:00etatik 21:00etara, anbulatorioan.