Loiolako herri harresian atxilotu zituzten bi lagunei babesa erakusteko kontzentrazioa egin dute Donostiako Lurralde Auzitegian

Uztarria.eus 2017ko urt. 26a, 16:02
Bi auzipetuei babesa erakusteko egin duten elkarretaratzeko irudia.

11:30ean hastekoa bazen ere, 14:00ak inguruan hasi da Loiolako herri harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarraren eta Beñat Hach Embarek ormaitegiarraren aurkako epaiketa. Horien epaiketa salatzeko eta bi auzipetuei babesa emateko elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek Donostiako Lurralde Auzitegian. 

Eleak mugimenduak eta Libre dinamikak deituta, 2014an Loiolako herri harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarrari eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrari babesa eta elkartasuna erakusteko eta horien epaiketa salatzeko elkarretaratzea egin dute 100 lagun inguruk. Donostiako Lurralde Auzitegiaren atarian egin dute kontzentrazioa, Eskubide zibil eta politikoen alde, epaiketarik ez! lelopean.

Gaur, urtarrilak 26, 11:30ean ziren duela hiru urteko irailaren 22an Loiolako herri harresian atxilotu zituzten bi lagunak epaitzekoak, Donostiako Lurralde Auzitegian, baina epaiketa atzeratu egin da, eta 14:00ak aldera hasi da haien aurkako epaiketa. Bertaratu diren hainbat senideri eta laguni ez diete epaiketara sartzen utzi.

Akusazioak 21.292 euroko kalte ordainak eta hiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du haientzat, desobedientzia eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Fiskalak, aldiz, zortzi hilabeteko zigorra eskatu du Orbegozorentzat eta Hach Embarekentzat, desobedientzia eta erresistentzia delituengatik.

Epaiketaren nondik norakoak azaltzeko, Azpeitiko Libre dinamikak asanblada informatiboa deitu du gaur arratsalderako. Plazan egingo dute asanblada, 19:00etan hasita.