Zabalik da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartzeko izen-ematea

Uztarria.eus 2017ko urt. 24a, 14:20

Gaurtik hasita, kirolprobak.com webgunean egin daiteke izen-ematea. Horrez gain, hurrengo astelehenetik aurrera, hainbat saltokitan ere izena emateko aukera egongo da. Aurtengo edizioa apirilaren 1ean izango da, eta hiru lasterketa izango dira: proba herrikoia, patinatzaileen lasterketa eta maratoi erdia. Berrikuntza bezala, ibilbide aldaketa izango da lasterketetan, eta horien zehaztasunen berri datozen asteetan emango dutela aurreratu dute antolatzaileek. 

Diego bezain handia leloa aukeratu dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaileek aurtengo ediziorako; izan ere, lasterketa halakoa izatea nahi dute: handia. Agustin Jimenez Azkoitia-Azpeitiako zuzendariak azaldu duenez, "Diego Garcia handia zenik ez dago inongo zalantzarik, baina Diego bezain handia da proba hau. Handia da duen palmaresagatik. Europa mailan oso ondo ikusita dago, eta hori harro sentiarazteko arrazoia da". Maratoi erdi gehienak hiriburuetan egiten direla azpimarratu du Jimenezek, Milanen, Londresen edota Lisboan kasu, eta Azkotia-Azpeitia probaren maila atletikoa "leku gutxitan" lortzen dela nabarmendu du. Horrez gain, eskerrak eman dizkie proba handia izatea posible egiten duten guztiei, babesleei, korrikalariei eta Azpeitiko zein Azkoitiko Udalei. 

Estitxu Elduaien zinegotziak, bere aldetik, Azkoitia-Azpeitiak bi herriak mapan kokatzen laguntzen duela esan du: "Alde batetik, lasterketak kirol ikuspegitik duen maila dago, eta horrez gain, turismo ikuspegitik herrira ekartzen dituen aberastasunak ere azpimarragarriak dira". Bestalde, Azkoitia-Azpeitia eliteko karrera bada ere, herritarren parte hartzea ere garrantzitsua dela esan du Elduaienek."Lasterketa honek eliteko kirola eta kirol herrikoia uztartzen ditu, eta espiritu horri eustea oso garrantzitsua da, adierazi du Azpeitiko Udaleko zinegotziak. Aurten, gainera, Azkoitia-Azpeitiak "bereziki zailtasun gehiago" dituela esan du Estitxu Elduaienek, eta horregatik lasterketaren izaera "inoiz baino gehiago" aldarrikatu behar dela azpimarratu du, eta dei egin die atletei bertan parte hartzeko.  

Izen-ematea zabalik

Aurtengo Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoia apirilaren 1ean izango da, eta azken urteetan bezela, hiru proba izango dira egun horretan: lasterketa herrikoia, patinatzaileen lasterketa eta maratoi erdia. Gaur, asteartea, zabaldu dute hiru probetan izena emateko epea, kirolprobak.com webgunean. Hurrengo astelehenetik aurrera, honako saltokietan ere eman daiteke izena: Azpeitiko Robersen, Azkoitiko Plaza Berri Sport-en eta Donostiako Robersen. 

Lasterketa herrikoian parte hartzeko, federatuek 21 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez federatuek 24 euro. Proba motzean eta patinatzaileen lasterketan parte hartzeko, berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Prezio horiek otsailaren 28ra arte mantenduko dira. Otsailaren 28tik martxoaren 24ra hiru euro gehiago ordaindu beharko da, eta izen-ematea azken astean egiten dutenek hasierako prezioa baino sei euro gehiago ordaindu beharko dute. 

Aurten, gainera, taldeka izena emateko aukera egongo da, azkoitia-azpeitia@azkoitia-azpeitia.com helbidera idatzita. Modu horretan, edozein atletismori edo kirol talderi deskontua egingo diete taldean izena emateagatik.

6 urteren ostean, ibilbide aldaketa

XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia berrikuntzekin dator. Izan ere, aldaketak izango dira lasterketen ibilbideetan. Agustin Jimenezek azaldu duenez, "maratoi erdiko ibilbideak dagoeneko 6 urte zituen, eta European Athletics-en arauetan dagoeneko iraungita zegoen ibilbidea aldatu beharko zela". Aldaketak aprobetxatuta, eta aukera desberdinak aztertu ostean, ibilbide berrietab "hobekuntza asko sartzen" saiatu direla azaldu du Jimenezek. Datozen asteetan emango dute aurtengo lasterketetako ibilbideen berri. 

Ibilbide aldaketen ondorioz, lasterketa herrikoia 600 metro inguru luzatuko dute, eta hala, 8,1 kilometro izango ditu. Patinatzaileen probak ia ibilbide berbera egingo du, irteeran ezik, ez baita sartuko Azkoitiko Plaza Berrian. Hala ere, roller modalitateako lasterketak, Loiolako basilika ondoko galtzadan izango ditu oztopo gehien. Horren ostean, ibilbide "eroso eta azkarra" izango dela azaldu du Jimenezek.