Valen Garcia: "Egungo westerna ezin da ulertu 'Spaghetti'-a kontuan izan gabe

Urola Kostako Hitza 2017ko urt. 19a, 12:36
Valen Garcia argitaratu berri dituen liburuekin. (Valen Garcia)

Hiru urte baino gehiagoren ostean, Guia del spaghetti western liburua kaleratu berri du Valen Garciak (Gasteiz, 1970). Azpeitiarrak westerna izan du lanerako gaia.

Nondik datorkizu spaghetti westernaren zaletasuna?

Ez dakit nondik datorkidan; izan ere, genero horretakoak ez dira ez produkzio handiak eta ez bereziki film onak. Txikitan asko gustatzen zitzaidan indio eta bakeroetara jolastea, eta, gainera, gogoratzen naiz Bud Spencerren eta Terence Hillen filmak ikustera joaten ginela Soreasura eta Zelaitxora. Horrez gain, agian, Europan egindakoak direlako ere erakartzen naute. Spaghetti western asko Almerian, Burgosen, Madrilen, Huescan edo Granadan egin dira, eta horrek harrapatu egin ninduen. Uste dut Sergio Leone zuzendariak iragana eta oraina bereizi zituela, genero horretako tratamendu bisualari dagokionez. Egungo westerna ezin da ulertu ‘spaghetti’-a kontuan izan gabe.

Zein izan zen ikusi zenuen genero horretako lehen filma?

Ez dut gogoan aurrena, baina oroitzen dudan lehena da Hannie Caulder. Film horretako protagonista emakumea da, eta gutxi dira halako lanak western generoan.

Zer ezaugarri ditu generoak?

Indarkeriaren trataera, borroken plastikotasuna eta musika. Azken hori ezinbesteko elementua da, eta produkzio askotan musika da lanaren onena.

Elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Liburua kaleratzeko crowfounding kanpaina jarri zuen abian Valen Garciak joan den uztailean, eta orduan gasteiztarrari elkarrizketa egin zion uztarria.eus-ek. Mezenasgo plataformak ezinbestekoak zirela esan zuen Garciak, eta aste batzuen buruan crowfoundingerako zehaztuta zuen helburua lortu zuen. Horri esker posible izan du Guia del spaghetti western liburua kaleratzea.