'Comancheria' eta 'Pixi Post eta opari-emaileak' filmak ikusgai datozen egunetan Soreasun

Uztarria.eus 2017ko urt. 19a, 12:12

Datozen egunetan ere ez da zine eskaintzarik faltako Soreasu antzokian. Zapatuan, hilaren 21an, Comancheria filma eskainiko dute, 22:00etatik aurrera. Igandean, berriz, gaztetxoei zuzendutako Pixi Post eta opari-emaileak pelikula izango da ikusgai, 16:30ean hasita, eta 19:30ean, Comancheria emango dute berriro. Astelehenean, ikusleen egunean, Comancheria eskainiko dute 21:30ean hasita. 

Comancheria filma thriller generoko filma da, David Mackenziek zuzendutakoa. Texas mendebaldean, aita banandu batek eta preso izandako bere anaiak, familiaren baserria salbatzeko azken ahalegin batean, plan berezi eta desesperatua pentsatzen dute.

Pixi Post eta opari-emaileak pelikula, berriz, Euskal Herrian ekoiztutako animaziozko filma da. Pixi Post da filmaren protagonista, neska elfo bat. Duela mende asko, Gabonetako Jeinuen Biltzarrak Monopolish izeneko jeinu gaiztoa kaleratu zuen, eta orain, urte hauetan guztietan prestatu duen mendekuarekin itzuliko da. Bere plana jeinu guztiak Gabonetako iragarki bihurtzea izango da. Baina horri aurre egiteko, Jeinuen Biltzarrak Pixi Post izango du alboan, Gabonen Zaindaria.