Xaputarrek ezin izan dituzte emaitza onak lortu taldekako xake ligako aurreneko jardunaldian

Uztarria.eus 2017ko urt. 18a, 14:40

2016an lortutako emaitza onen ostean, hasi dira 2017ko taldekako ligarekin Azpeitiko Xaputarrak xake taldeko kideak. Jardunaldi bakoitzean talde bakoitzetik lau kidek jokatuko dute.

Aurtengo taldekako xake ligan azpeitiarrek bi talderekin hartuko dute parte: Xaputarrak A taldearekin eta Xaputarrak B taldearekin. A taldea bigarren mailan lehiatuko da eta B taldea, berriz, hirugarrengoan. Lehenengo jardunaldia joan den zapatuan, hilaren 14an, jokatu zuten, eta Azpeitiko bi taldeek herritik kanpora joan behar izan zuten partidak jokatzera.

Xaputarrak A taldeak Bergaran jokatu zuen ligako aurreneko jardunaldia, eta  2,5-1,5 galduta itzuli zen Azpeitira. Xaputarrak B taldea, berriz, partida 4-0 galduta itzuli zen Elgoibartik. A taldean lehiatu ziren Patxi Isasmendi, Eneko Alberdi, Aitor Priya eta Aitor Elustondo. B taldean berriz,  Iñaki Uranga, Daniel Veselinov, Unax Gaztañaga eta Osama Maragui.

Hurrengo jardunaldia Azpeitian

Ligako bigarren jardunaldia datorren zapatuan, urtarrilaren 21ean, Baigerako laugarren solairuan jokatuko dute, 16:00etan hasita. Bertan Xaputarrak A taldea Legazpiko Santikutz A taldearen aurka arituko da, eta B taldea, berriz, Urretxuko Goierri A taldearen aurka.