"Azken indarkeria sexista kasu larriak" salatu ditu Udalak

Uztarria.eus 2017ko urt. 17a, 17:01

Salaketarekin batera "kezka" azaldu eta "eraso horiek salatzeko egingo diren ekimenekin bat egiten" duela adierazi du. "Azpeitiko Udalak, eskubide urraketa horiek salatzen segitzeaz gain, bere gain dagoen guztia egiten jarraituko du horrelako kasurik gerta ez dadin, ez Azpeitian eta ez beste inon", dio argitara eman duen idatzian.

Azpeitiko Udalak idatzia plazaratu du gaur, asteartea, "azken indarkeria sexista kasu larriak" salatzeko; Euskal Herrian azken egunotan jazotako kasuetaz ari da. Salaketarekin batera "kezka" azaldu eta "eraso horiek salatzeko egingo diren ekimenekin bat egiten" duela adierazi du.

Hau da, osorik, Udalak plazaratutako idatzia:

"Azken bi asteotan Euskal Herrian jazotako indarkeria sexista kasu larrien aurrean kezka azaldu nahi du Azpeitiko Udalak. Urte hasiera gogorra izan da. Azken bi asteotan hiru kasu oso larriren berri izan dugu. Azken biak atzo ezagutu genituen. Alde batetik, Burlatako gizon batek bere emaztea hil eta gorpua ibaira bota zuela deklaratu zuen; eta gaur oraindik gorpuaren bila dabiltza. Eta, beste aldetik, Valentzian dispertsatuta duten Sara Majarenas presoaren alabari aitak egindako eraso bortitzak hitzik gabe utzi gaitu.

Pasatu den astean, berriz, Portugaleten semeak 93 urteko ama hil zuen. Hiru kasu horiek erakusten digute indarkeria sexistak badituela hamaika ertz eta erpin, eta giza eskubideen urraketa larriak direla guztiak ere. Bide horretan, Azpeitiko Udalak, eskubide urraketa horiek salatzen segitzeaz gain, bere gain dagoen guztia egiten jarraituko du horrelako kasurik gerta ez dadin, ez Azpeitian eta ez beste inon. Horretarako, orain artean bezala, bere esku dauden baliabide guztiak jartzen jarraituko du.

Azpeitiko Udalak beste behin ere eraso horiek salatzeko egingo diren ekimenekin bat egiten du".