Izarraizko Atea parkearen ondoko lur-jabeari erantzunez

Josu Labaka, Azpeitiko Udaleko zinegotzia 2017ko urt. 17a, 15:44
Izarraizko Atea parkearen plano bat. (Azpeitiko Udala)

Aritz Orbegozo Esklaba inguruko lur zati baten jabeak idatzitako artikuluaren eta egindako salaketa larrien aurrean Azpeitiko Udalaren izenean hainbat kontu argitu nahi ditugu.

Hasteko, aipatutako eremuan inongo lur-jaberi lurrik ez diola kendu Azpeitiko Udalak argitu nahi dugu. Gezurra da Udalak inori "beren lurrak derrigorrean" kendu dizkiola. Egin dugun bakarra, erabilera publikoko lurretan, hau da, Udalaren jabetzako herri lurretan aisialdirako parkea egiteko proiektua gauzatzeko erabakia hartzea izan da. Udalaren lurretan, ez beste inorenetan.

Idatzi hori, lur-jabeak beren interes pertsonal eta ekonomikoak defenditzeko ahaleginaren baitan kokatzen dugu. Baina, bakoitzak bere interesak defenditzeko eskubide osoa duela onartuta ere, larria dela uste dugu gezurrak esanez Udaleko ordezkarioi egiten zaizkigun akusazio grabeak egitea. Izarraitzeko Atea parkea aurkezterakoan esan genuen bezala, eremu horretan etxeak eraikitzeko tentazio handiak egon dira. Orain, Azpeitiko Udalak hala erabakita parkea egingo da. Udalaren lurrak, lur publikoak, herritar guztiek erabili ahal izateko urratsa eman da.

Izarraitzeko sarrera izango den parke berdea haurrentzat, helduentzat, adinekoentzat izango da; lasterkarako, jolaserako, paseatzeko, irri egiteko, negar egiteko… Eta hori guztia Udal ordezkariok herritarren interes orokorraren alde lanean dihardugulako izango da posible, eta ez lur-jabeen presioen aurrean makurtzen garelako.