Zabalik da IX. Zuzenien igoera bertikalean izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko urt. 17a, 11:22

Izen-ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean. 3.320 metroko ibilbidea izango da, eta 840 metroko desnibela izango du. 18 urtez azpikoek gurasoen baimena ziurtatzen duen orri bat bete beharko dute parte hartzeko.

Dagoeneko izena eman daiteke Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Zuzenien igoera bertikalean. Aurtengoa erlojupeko lasterketaren bederatzigarren edizioa da, eta martxoaren 12an egingo dute. Izen-ematea kirolprobak.com webgunean egin behar da, eta horretarako azken eguna martxoaren 9a izango da. Gehienez 250 korrikalarik eman dezakete izena, eta 18 urtez azpikoek gurasoen baimena ziurtatzen duen orri bat bete beharko dute lasterketan parte hartzeko.

Ibilbideak 3.320 metro izango ditu, eta 840 metroko desnibela izango du. Irteera orduak martxoaren 11an jakinaraziko dituzte Lagun Onak M.B-ren web orrian

Mendian federatuak ez diren korrikalariek, NAN-a erakutsi beharko diote antolakuntzako arduradunei dortsala eta txipa hartzerako orduan. Federatuak direnek, aldiz, mendi federazioko txartela erakutsi beharko dute. 

2016ko edizioan 81 korrikalarik amaitu zuten proba. Iban Murua eta Maite Maiora izan ziren helmugara iristen aurrenak. Azpeitiarretan, aldiz, Jexux Zelaia izan zen helmugara iristen aurrena eta emakumezkoetan Maite Etxezarreta. Maiatzaren 30ean, Xoxoteko Egunean, izan zen lasterketa.