Loiolako herri harresian atxilotutako Esteban Orbegozo eta Beñat Hach Embarek epaituko dituzte hilaren 26an

Uztarria.eus 2017ko urt. 17a, 13:45
Libre dinamikako eta Eleak mugimenduko dozena inguru kide, hainbat herritar eta Azpeitiko udal ordezkariak izan dira gaurko agerraldian.

Akusazio partikularrak autoritatearen aurkako atentatua eta desobedientzia leporatzen dizkie bi auziperatuei, eta hiru urtera arteko espetxe zigorra zein 21.292 euroko kalte ordainak odaintzea eskatzen ditu haientzat. Fiskalak, berriz, zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du bi auziperatuentzat, desobedientzia eta erresistentzia leporatuta. Epaiketara "harro bezain apal" joango direla adierazi du Esteban Orbegozo azpeitiarrak.

2014ko irailaren 22an Loiolako herri harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra epaituko dituzte urtarrilaren 26an Donostiako Lurralde Auzitegian. Epaiketa salatzeko agerraldia egin dute gaur, urtarrilak 17, Orbegozok, Hach Embarekek, Joseba Alvarez Eleak mugimenduko kideak eta Loiolako herri harresian atxilotu zuten Irati Tobar gazteak, dozenaka herritarren eta Azpeitiko udal ordezkarien babesarekin.

Duela hiru urteko irailean, ehunka herritarrek herri harresia eraiki zuten Loiolan , Segiko kideak izatea egotzita 1/12 sumarioan auzipetuta zeuden Jazint Ramirezi, Irati Tobarri, Igarki Roblesi, Xabier Arinari eta Imanol Salinasi babesa erakusteko. Hiru ordu inguru behar izan zituen Ertzaintzak Loiolan eraikirako herri harresia desegin, eta bost auzipetuak atxilotzeko. Poliziak banan-banan eta "bortizki" atera zituen harresia osatzen ari ziren lagunak, tartean Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Enbarek ormaiztegiarra. Harresitik atera ez ezik, Ertzaintzak atxilotu ere egin zituen Orbegozo eta Hach Embarek.

Atxiloketaren arrazoia espetxetik irtetean jakin zutela azaldu du Esteban Orbegozok: "Herri harresia husten ari zirela ertzain bat lurrera erori eta ospitalera eraman behar izan zuten, eta momentu horretan Ertzaintzak gu biok atxilotzea erabaki zuen, autoritatearen aurkako atentatua leporatuta, ertzainekin kontaktu fisikorik ere izan ez genuen arren". Ertzain-etxean, baina, atentatu kargua kendu eta desobedientzia leporatu zieten bi atxilotuei, "halakorik gertatu ez zela ohartzean". Baina erori zen ertzainak egoerari "probetsua atera nahi" izan diola azaldu du Orbegozok, eta poliziak testigantzak aldatu zituela azpimarratu du: "Ertzainak bigarren testigatzan esan zuen kolpatu egin genuela, eta bere lesioak horren ondorio zirela. Akusazio partikular gisa aurkeztu zen orduan ertzaina, atentatua eta desobedientzia leporatuz". 

Akusazio partikularrak hiru urteko espetxe zigorra eskatzen du Loiolako herri harresian atxilotutako bi kideentzat. Fiskalak, aldiz, zortzi hilabete zigorra eskatu du haientzat, ez baitu gertakizunetan atentatua egon izanaren zantzurik ikusi. Hala, desobedientzia eta erresistentzia leporatzen dizkie fiskalak bi auziperatuei. 

Ordainketa egiteko agindua

Akusazioak epaiketa aurrera eramateko fidantza eskatu zuen, eta ondorioz ordainketa egiteko agindua jaso zutela azaldu du Esteban Orbegozok: "21.292 euro jarri behar izan genituen bion artean. Horren berri izan genuenetik ordainketa egiteko 24 ordu besterik ez zizkiguten eman". Hori "astakeria" bat izan zela salatu du Orbegozok, eta gaineratu du horren ondorioz euren bizitzak "hankaz gora" jarri dituztela. "Herritarroi ezin zaigu tamaina horretako diru kantitaterik eskatu halako epe laburrean, edozein etxeren martxa lehertzen du", adierazi du azpeitiarrak. Horrez gain, ataka berean dauden beste hainbat lagun ere badierazi azpimarratu du, "tamalez, hori baita gaur egungo legea".

Epaiketara, "harro bezain apal" 

Urtarrilaren 26an deklaratu beharko dute Esteban Orbegozok eta Beñat Hach Embarekek Donostiako Lurralde Auzitegian, eta epaiketara "harro bezain apal" joango direla esan du Esteban Orbegozok. 2014ko irailaren 22an Loiolako herri harresian babestu zituzten gazteak militante politikoak zirela esan du azpeitiarrak, eta gaineratu du "oso harro" daudela beraien herri eta auzoak hobetzeko lan egiten duten gazteez. Horrez gain, atxilotu zituzten egun hartan egin zuten "erresistentzia baketsuaz harro" daudela azpimarratu du Orbegozok. Horrela, epaiketara "muntaia hau salatzera eta eskubide politikoen aldeko jarrera berrestera" joango direla azpimarratu zute bi auziperatuek. 

1/12 sumarioan auzipetutako 28 gazteek "lege injustuei" desobedientziaz erantzuteko hautua hartu zuten 2014ko irailean. Auzipetu horietako batzuk Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu ziren, euren aurkako epaiketa konponbidearen aurkako eraso bat zela aldarrikatzeko. Gainerako auzipetuek, Jazint Ramirezek, Irati Tobarrek, Igarki Roblesek, Xabier Arinak eta Imanol Salinasek, berriz, epaiketari planto egin eta Loiolako Aske Gunean agertu ziren. Auzipetuak epaiketara agertu ez zirela eta, haiek berehala atxilotzeko agindua eman zuen orduan Angela Murillo epaileak, eta Ertzaintzaren dozenaka auto hurbildu ziren Loiolara, han zeuden pertsonek osatutako Herri Harresia desegin, eta auzipetuak atxilotzeko.

Hilaren 26an elkarretaratzea egingo dute 11:00etan Donostiako Lurralde Auzitegiaren aurrean, epaiketaren ordu berean.