'Zuk ere ahal duzu!' egitasmoa martxan jarriko du Udalak, emakumeak korrika egitera animatzeko

Uztarria.eus 2017ko urt. 16a, 13:42
Iaz Zuk ere ahal duzu! egitasmoan parte hartu zuten hainbat emakumeren irudia. (Azpeitiko Udala)

Entrenamenduak astelehenetan eta asteazkenetan egingo dituzte, bi taldetan banatuta: goizekoa eta arratsaldekoa. Izen-emate epea asteazkenean zabalduko dute, eta 20 euro ordaindu beharko da. Aurreneko saioa hilaren 30ean, astelehena, egingo dute. Zalantzak argitzeko bilera informatiboa eskainiko dute aurrez.

Hamaikagarren urtez jarraian, Zuk ere ahal duzu! programa abiatuko du Udaleko Kirol Sailak emakumeak lasterka egitera animatzeko. Egitasmoak bost asteko iraupena izango du hasiera batean, eta helburua da emakumeei korrika egitearen onurak zein abantailak ezagutaraztea. Horrez gain, parte-hartzaileak taldean aritzeak suposatzen duen balio erantsiaz jabetzea ere nahi dute programaren sustatzaileek.

Entrenamentuak astelehenetan eta asteazkenetan egingo dituzte, bi txandatan banatuta: goizekoa eta arratsaldekoa. Goizeko txanda, 10:00etatik 11:15era izango da, eta arratsaldeko txanda, berriz, 19:15etik 20:30era. Igerilekutik hasiko dituzte entrenamenduak, eta saio guztiak prestatutako monitoreek gidatuko dituzte. 

Aurreneko entrenamendua urtarrilaren 30ean, astelehena, egingo dute. Otsailean, berriz, honako data hauetan izango dira saioak: otsailaren 1ean, 6an, 8an, 13an, 15ean, 20an eta 22an. Horiez gain, martxoaren 1ean ere izango dute korrika egiteko hitzordua. 

Izena emateko epea, asteazkenean, hilaren 18an, zabalduko dute, eta igerilekuan egin beharko da, 20 euro ordainduta. Informazio gehiagorako 943-15 00 95 telefonora deitu edo kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzi daiteke. 

Zalantzak argitzeko bilera informatiboak

Saioak hasi aurretik, parte-hartzaileen zalantzak edo kezkak argitzeko bilera informatiboa eskainiko du Kirol Sailak hilaren 25ean, igerilekuan. Goizeko txanda aukeratzen duten pertsonei zuzendutako bilera 10:00etan izango da, eta arratsaldeko taldean aritzeko izena ematen dutenei zuzendutakoa 19:15ean.