Sansebastianak 2017

San Sebastian bezperako danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera izango dute hainbat herritarrek

Uztarria.eus 2017ko urt. 16a, 11:45
Iazko San Sebastian bezperako danborradako irudia.

Bihar 12:00etan amaituko da zozketan parte hartzeko izen-emate epea. Hamar lagun izango dira saridunak, eta horiek beste lagun bat eman dezakete eurekin danborrada udaletxeko balkoiren batetik ikustera.

Iaz bezala, aurten ere hainbat herritarrek San Sebastian bezperako danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera izango dute, eta zozketan parte hartzeko epea bihar, asteartea, amaituko da, 12:00etan. Danborrada balkoitik ikusi nahi dutenek hiru bide dituzte zozketan parte hartzeko: 943- 15 72 00 telefonora deituta, udaletxeko harreran izena eta kontaktua emanda eta udalzozketak@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita (izena eta telefono zenbakia utzita).

Zozketa bihar 13:00etan egingo dute udaletxeko pleno aretoan, eta irekia izango da. Zozketa egin bezain pronto jakinaraziko zaie hamar saridunei. Horiek beste lagun bat ere eman dezakete eurekin udaletxeko balkoiren batetik danborrada ikustera, eta ostegunean 23:30etarako udaletxe azpian egon beharko dute.