2016ko kultur uzta "oparoa" aletu dute Kultur Mahaiak, Kulturazek eta Udalak

Uztarria.eus 2017ko urt. 13a, 20:03
Ezkerretik eskubira, Maiz, Aranbarri, LarraƱaga, Labaka, Zinkunegi eta Otamendi.

Hiru eragileek sustatutako egutegi bateratuaren barruan, guztira 35.263 ikus-entzule izan dituzten 180 ekitaldi eskaini dira, inoiz baino gehiago. Horrez gain, Sorkuntza Beka edo Dinamoa abian jarri dituzten urtea izan da amaitu berri dena. "Ez gara kontziente, baina Gipuzkoan eta Euskal Herrian, hiriburuak kenduta, ez da egongo tamaina honetako kultur dinamika duen herririk", nabarmendu du Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak.

2016a amaitu berritan, joan den urtean Azpeitian kulturak emandakoaren balantzea egin dute Udalak, Kultur Mahaiak eta Kulturaz Kooperatibak (iaz arte Sanagustin Kooperatiba zena). Zehatzago esanda, aipatutako hiru eragileek sustatutako kultur egutegi bateratuaren emaitzak dira mahai gainean jarri dituztenak. Hain zuzen ere, 2013tik abian den egitasmo horri, egutegi bateratuari, bultzada berezia eman zioten 2016an, lehen aldiz lankidetza hitzarmena sinatuta.

Hitzarmen hori, lehen aldiz emandako Sorkuntza Bekak edota Dinamoa sorkuntza gunea abian jartzea izan dira, besteak beste, 2016ko balantzea "oso-oso potiboa" izatea eragin dutenak, Josu Labaka Kultura batzordeburuaren esanetan. Labakarekin batera, Ainara Larrañaga Kultura batzordeko zinegotziak, Kultur Mahaiko lehendakari Maite Maizek eta teknikari Izaro Zinkunegik, eta Kulturaz Kooperatibako lehendakari Jose Luis Otamendik eta kudeatzaile Xabier Aranbarrik hartu dute parte 2016ko kultur balantzearen aurkezpenean.

Inoiz baino gehiago

2016a "kultur jardunean oso urte oparoa" izan dela berresteko datu ugari eman ditu Xabier Aranbarrik, "autonomiaren, elkarlanaren eta parte-hartzearen arteko oreka" bultzatzen dutela azpimarratuz. Hasteko, urtea laburtzen duten bi kopuru nagusiak: guztira 35.263 ikus-entzule izan dituzten 180 ekitaldi eskaini dira, inoiz baino gehiago. Ekitaldi kopurua %24 hazi da, 2015arekin alderatuta. Ikus-entzuleen datua ere inoizko handiena izan da; 2012an, Sanagustin kulturgunea martxan jarri zutenean, 16.000 ikus-entzule batu zituzten, eta jendearen erantzuna "urtez urte progresiboki gora" doala esan du Aranbarrik.

Euskal Herriko eta euskarazko kultur sorkuntza bultzatzea da Kulturaz Kooperatibaren jardunaren helburuetako bat eta hori ere islatzen dute 2016ko datuek: 180 ekitaldietatik 161, %90, izan dira euskal sortzaileen lanak. 2016an nabarmena izan da, gainera, Azpeitiko sortzaileen eskaintzak izan duen gorakada. Izan ere, 180tik 121 izan dira herriko sortzaileak eta eragileak protagonista izan dituzten ekitaldiak. "Datu aipagarria oso", Aranbarriren hitzetan, bereziki, zifra hori 2015ekoaren bikoitza delako ia; orain arte, 60-70 izan dira herriko sortzaileen ekitaldiak. Udal Musika Bandaren eta ikastolaren urteurrenek, edota Hitzartuk herri galdeketaren bueltan antolatutako ekitaldiek lagundu dute, Aranbarrik gogoratu duen bezala, kopuru horretan.

Aipatutako datu nagusi horiek eta gehiago xehetu dituzte gaurko agerraldian. Eta guzti-guztiak jarriko dituzte azpeitiarren eskura, aste gutxi barru etxez etxe banatuko duten urtekarian.

Azpeitian "urtez urte goraka" doazen kulturaren zenbakiek eta kopuruek adierazten duten "dimentsioa" da, Josu Labakarentzat, kontuan hartzekoa. "Bada momentua, bost urte eta gero, hori balioan jartzekoa". Izan ere, zinegotziarentzat, "ez gara kontziente, baina Gipuzkoan eta Euskal Herrian, hiriburuak kenduta, ez da egongo tamaina honetako kultur dinamika duen herririk". Herriko kultur eskaintza eta dinamika oparoa posible egiten duten "elkarlana" nabarmendu dute, beste behin, Udaleko, Kultur Mahaiko eta Kulturazeko ordezkariek, horren bueltan hazten ari den jendearen erantzuna bezala.