Gogoz eta bere onena emateko prest igoko da Trini Fox bihar Sanagustineko oholtzara

Uztarria.eus 2017ko urt. 13a, 15:24
Trini Fox.

Kontzertua eskainiko du Trini Foxek bihar, Sanagustinen, 23:00etan hasita. Eurek sortutako kantuak joko dituzte, eta oholtza gainera igotzeko gogotsu daude, azeriz jantzita. Otsailean taldearen aurreneko diskoa grabatzen asteko asmotan dira. 

Iñaki Zubeldia (Azpeitia, 1997) bateria jotzaileak eta Gilen Aldalur (Azpeitia, 1997) eta Suharri Aranburu (Azkoitia, 1998) gitarra jotzaileek osatzen dute Trini Fox taldea. Bihar Sanagustin kulturguneko oholtzara igoko dira Zestoako Rodeo taldearekin batera. Herritarren aurrean jotzeko irrikaz daudela esan dute Zubeldiak eta Aranburuk. Taldearen izenari so eginda, behin baino gehiagotan jantzi izan dira azeriz kontzertuak eskaintzeko taldeko hiru musikariak, eta biharko zuzenekoak ere hala egingo dutela aurreratu dute. 

Eurek sortutako abestiak eskainiko dizkiete bihar Sanagustinera bertaratzen direnei, hemendik hilabete batzuetara disko batean bilduko dituztenak. Guztira, hamar kantu inguruko lana osatzea nahi dute, eta horretan ari dira orain, kantuak sortzen-eta. Grabaketa lanak, aldiz, otsaila aldera egitea aurreikusten dute. Kantu horietatik bi dira dagoeneko plazaratu dituztenak: Gero eta Bila nabil. Bi abestiek harrera oso ona izan dutela esan dute Zubeldiak eta Aranburuk, eta diskoak ere halako erantzuna izatea espero dute. 

Trini Fox sortu aurretik beste talde bat zuten Azpeitiko eta Azkoitiko hiru musikariek, Lockheedek, eta talde horrekin ekoiztutako pare bat abesti ere eskainiko dituzte biharko kontzertuan. Jorratzen dituzten estiloen inguruan galdetuta, "pixkat danetik" jotzen dutela adierazi dute Aranburuk eta Zubeldiak, baina beti ere "makal makalak ez diren erritmoak". Trini Fox taldearen abesti guztiek dute letra, eta euskaraz idatzitakoak dira. Lantzen dituzten gaiak, berriz, sexua, norberaren barne arazo eta zalantzak eta gizartean gertatzen denaren inguruko kexak dira. 

2015ean sortu zuten taldea Iñaki Zubeldiak, Gilen Aldalurrek eta Suharri Aranburuk, eta orduz geroztik hainbat kontzertu eskaini dituzte. Azpeitian, esaterako, lau kontzertu eskaini dituzte, eta biharkoa bosgarrena izango da. Behin diskoa kaleratze dutenean Euskal Herriko txoko ezberdinetara zabaltzea nahiko lukete, eta ahalik eta kontzertu gehien ematea. 

Herritarrek beren kontzertura zergatik azaldu behar duten galdetuta, honakoa da Zubeldiak eta Aranburuk erantzun dutena: "Guztiek esan digute oso abesti onak egiten ditugula, ona dela atera dugun azken bideoklipa. Beraz, hurbildu daitezela kontzertura, zer egiten dugun ikustera".