Sansebastianak 2017

Ilusioz eta gogo handiz dator ISBren danborradako taldea

Uztarria.eus 2017ko urt. 13a, 13:17
BeƱat Aldalur, Maier Lizaso, Iban Kerejeta eta Oihana Lizaso.

Bi urteko lanaren ostean, aurten irtengo dira aurrenekoz sansebastianetako helduen danborradan. Bidea erraza izan ez bada ere, gogoz eta ilusioz daude, eta egindako lan guztiaren ondotik, San Sebastian bezpera "ondo pasatzeko eguna" izatea nahi dute.

Inoiz baino jendetsuagoa izango da aurten San Sebastian bezperako danborrada; izan ere, talde berri bat irtengo da estreinakoz: Iraurgi Saskibaloiarena. Gaur, ostirala, aurkeztu dute talde berria ISBren tabernan.

Bidea erraza izan ez bada ere, "ilusioz eta gogo handiz" daudela esan du Maier Lizaso ISBko lehendakariak. Bi urteko "prozesu luzea" izan dela azaldu du Lizasok, eta iaz danborra jotzen irtetea nahi bazuten ere, kirol mailan izandako emaitza onek "danborradako ametsa" urtebete atzeratzera behartu zituztela esan du. Aurten, azkenean, danborradan irtengo dira, eta "lan asko" egin behar izan badute ere, "gustukoa" izan dela azpimarratu du Maier Lizasok.  

ISBk "kirol taldea baino gehiago" izan nahi duela esan du Lizasok, eta zentzu horretan "hainbat pauso" eman dituztela azaldu du: "Besteak beste, inaziotar bidearekin bat egin dugu, harremanak sendotu eta saskibaloiaren bitartez Azpeitia ezagutarazteko. Herriko izena eta turismoa bultzatzeaz gain, herriko eragileekin harremanak lantzea garrantzitsua iruditzen zaigu".

Orain, baina, "pauso bat gehiago ematera" doazela esan du Lizasok: "Gizartearekiko eta Azpeitiarekiko dugun erantzunkizuna betetzen jarraitu nahi dugu, urte askotan zehar herrigintzan egindako lanarekin segi, eta zer hobeto sansebastianetako danborradan irtetea baino". Lan asko egin du ISBk danborradan irteteko, eta lan asko egiten dute urtean zehar. Horregatik, San Sebastian bezpera "ondo pasatzeko eguna" izatea nahi dute. 

Guztira, 44 lagun irtengo dira danborra jotzen Iraurgi Saskibaloiko taldean, eta horiez gain, banderaduna eta kantinerak irtengo dira. Azken horiek klubeko jokalariak izango dira. Zuzendari lanetan Beñat Aldalur arituko da, eta zuzendari txikia, berriz, Pello Odriozola izango da. Zuzendari txikia aukeratzeko zozketa egin dute 15 gaztetxoren artean.

Taldean irteteko, norbanakoek "kirol taldearekin lotura" izan behar dutela azaldu du Maier Lizasok. Hala, ISBko jokalariak, zuzendaritzako kideak zein batzordeetako kideak izango dira, besteak beste, Iraurgi Saskibaloiko danborjoleak.

Jantziak eta danborrak, bertakoak

Talde berriak eramango duen jantzia sukaldari jantzia izango da. Granate kolorekoa izango da nagusiki, ISBren kolorekoa, hain zuzen. Jantziak zein danborrak Azpeitian bertan egindakoak dira. "Materiala herrian bertan egin dugu, herriko ekonomia, merkatari txikiak eta artisauak laguntzeko helburuarekin", azaldu du ISBko lehendakariak. Horrez gain, azaldu du Iraurgin beti saiatu izan direla lagun giroa zaintzen, eta danborrada "lortura hori sendotzeko baliagarria" izango delakoan daude. "Danborrada Azpeitiko festarik jendetsuena eta herrikoiena da, eta gure aletxoa jarriko dugu bertan", adierazi du Maier Lizasok.