Sansebastianak 2017

Hasi dira danbor hotsak

Uztarria.eus 2017ko urt. 13a, 11:01

Sansebastianak gerturatzen ari dira, eta dagoeneko hasi dira prestaketa lanak: danborrak hartu, horiei hautsa kendu, jantziak garbitu eta danborradarako entseatzen hasi. Atzo, urtarrilak 12, egin zuten helduen danborradako aurreneko entsegua Izarraitz pilotalekuan, eta 27 taldeetako dozenaka lagun bertaratu zen. 21:00etan hasita, Udal Musika Bandaren musikaren laguntzarekin eta Unai Frantzesena bandako zuzendariaren gidaritzapean danborradako piezak jo zituzten danborradako taldeetako kideek. 

Orain, eta San Sebastian bezperara arte, entseatzen jarraitzea tokatzen da, eta asteartean, hilaren 17an, egingo dute bigarren entsegua, leku eta ordu berean. Hirugarren eta azken entsegua ere Izarraitzen egingo dute, asteazkenean, 21:00etan hasita.

Haurren txanda, astelehenean

Umeen danborradako entseguak, berriz, astelehenean, hilaren 16an, asteartean eta asteazkenean izango dira, 15:45ean hasita, Izarraitz pilotalekuan. Umeen danborrada San Sebastian egunez egingo da, eta, ohiko taldeez gain, Hazparneko hiru ikastetxeetako haurrekin osatutako talde bat ere aterako da. Izan ere, aurten Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela 30 urte betetzen dira, eta hori ospatzeko antolatu diren egitasmoen barruan dago danborradakoa.