Luze, jendetsu eta mamitsu datoz sansebastianak

Uztarria.eus | Festak | Artikulua
2017-01-12 19:53

Urtarrilaren 19tik 22ra luzatuko dira aurten festak. Inoiz baino jende gehiagok hartuko du parte bezperako eta umeen danborradetan, eta ohi baino jendetsuagoa izango da bandera jaitsiera ere. Iraurgi Saskibaloiak taldea aterako du helduetan, eta Hazparneko haurrekin osatutako taldeak hartuko du parte San Sebastian eguerdiko danborradan, bi herrien senidetzaren 30. urteurrena ospatzeko festetan izango diren ekitaldien barruan. Ikurrina udaletxean lehen aldiz jarri zuteneko 40. urteurrena ere izango dute gogoan, besteak beste.

Gaurko aurkezpenaren une bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Astebete barru hasiko diren 2017ko San Sebastian festak aurkezteko ohiko bihurtu den agerraldi jendetsua egin dute gaur, osteguna, udaletxeko areto nagusian. Helduen eta umeen danborradetako taldeetako ordezkariz inguratuta eman dute aurtengo festen berri Eneko Etxeberria alkateak eta Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak.

Bete-beteak datoz aurten sansebastianak. Batetik, eta Ibarzabalek nabarmendu bezala, "inoiz baino parte-hartzaile gehiago" izango dituzte danborradek; helduen bezperakoa eta San Sebastian eguerdiko umeena batuta, 1.800dik gora lagun aterako dira danborrak astintzera. Helduetan, talde berri bat gehituko zaio danborradari: Iraurgi Saskibaloiarena; Maite Zubizarreta Añares Rioja ISBko jokalariak ordezkatu du talde berria gaurko aurkezpeneko mahaian. Horrenbestez, eta martxa irekitzen duten Gastadoreekin, 28 taldek osatuko dute aurrerantzean Azpeitiko helduen danborrada. "Iragana izateaz gain, danborradak etorkizuna ere baduela ziurtatzeko pauso garrantzisua" da, Festa batzordeburuarentzat, talde berri bat sortzea.

Festak hasteko egiten den danborradan ez ezik, urtarrilaren 20ko bandera jaistean ere hartuko dute parte Iraurgikoek. Ohi baino jendetsuagoa izango da sansebastianetako azken danborrada hori ere. San Sebastian eguna ostirala izanda, asteburu bezpera, helduen talde guztiei luzatu zien Udalak bandera jaitsieran parte hartzeko gonbidapena; azkenean, bederatzi irtengo dira, ohikoa den seikotearen ordez.

Hazparnekoak festan murgilduta

Umeen danborradak ere talde bat gehiago izango du. 2017an Azpeitia eta Hazparne senidetu zireneko 30. urteurrena beteko da eta urtean zehar hori ospatzeko egitasmoak izango dira. Aurrenenekoak, hain zuzen ere, sansebastianetan txertatuta datoz, eta umeen danborrada izango dute ardatz: Lapurdiko herritik etorritako haurren talde bat irtengo da danborradan, 30 bat lagunekoa, eta Hazparneko udal ordezkariak ere udaletxean izango dira urtarrilaren 20an.

Gainera, umeen danborradako karrozaren gaia ere Azpeitia-Hazparne senidetza da aurten. Lehiaketara proiekturik aurkeztu ez zenez, karroza enkargu bidez egitea erabaki zuen Udalak; horrela, Naiara Larrañagak eta Leire Iriartek egindakoa izango da aurtengo karroza.

Eneko Etxeberriak gogoratu du "Azpeitia herri bakar batekin senidetuta" dagoela, Hazparnerekin, eta azaldu du urtean zehar ere "pixkanaka, festa guztietan, Hazparnekoekin harremana sakontzen" saiatuko direla, urteurren borobilaren ospakizunaren barruan.

Lehen ikurrinaren 40. urteurrena

Beste urteurren gogoangarri bat ere beteko da, ordea, datorren San Sebastian bezperan. 1977ko San Sebastian egunean legeztatu zuten ikurrina, baina Azpeitian bezperan jarri zuten udaletxeko balkoian. Jartzen aurrenak izan ziren azpeitiarrak, eta izenburu horrekin Uztarria herri aldizkariak 2014ko urtarrilean argitaratu zuen erreportajean jasotako pasarteak aipatu ditu alkateak, aurtengo San Sebastian bezperan urteurren hori "keinu bat" eginez "omenduko" dutela aurreratuz.

Quintana de la Serena ere bai

"Orain dela gutxi hasitako harreman bat sakontzeko" aukera ere izango da, Etxeberriak iragarri duenez, datozen sansebastianetan: Azpeitiak eta Quintana de la Serenak (Extremadura, Espainia) dutena. Joan den irailean, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Azpeitira etorri ziren herritarrak omendu zituzten. Haietako gehienak Extremadurako La Serena hanarekoak ziren, eta Quintana de la Serenako alkatea eta zinegotziak Azpeitian izango dira bandera jaistearen ekitaldian, "sansebastianak ikusi nahi dituztelako, eta beraien hainbeste herritar bizitako herria ezagutu eta harremana estutzea nahi dutelako".

Egitaraua

Iraupena izango da datozen San Sebastian festen beste nobedadeetakoa. Izan ere, asteburua gainean dela aprobetxatzea erabaki dute, festak lau egunez luzatzeko, hilaren 19tik 22ra, ostegunerik igandera. Hona hemen, egitarau osoa:

Urtarrilak 19, osteguna, San Sebastian bezpera

  • 22:15. Olazko Andre Mariaren plaza ingurutik irtenda, helduen danborrada herriko kaleetan zehar.
  • Gauerdian, talde guztiak plaza Nagusian elkartuta, udaletxean bandera igo eta danborradako abestiak joko dituzte.

Urtarrilak 20, ostirala, San Sebastian eguna

  • 09:00. Txistularien eta musika eskolakoen goiz-eresia.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeen, Udal Musika Bandaren eta musika eskolako txilibitu-jotzaileen diana.
  • 10:15. Herriko agintariak korporazioan joango dira Soreasuko San Sebastianen parrokiara.
  • 10:30. Prozesioa, parrokiatik abiatuta.
  • 10:45. Meza.
  • 12:00. Sokamuturra.
  • 12:30. Umeen danborrada, Artzubitik eta Aranatik abiatuta.
  • 13:00. Hazparneko ordezkariei harrera udaletxean.
  • 16:30. Sokamuturra.
  • 23:15. Bandera jaitsi arteko danborrada.
  • 00:00. Bandera jaitsiera.

Urtarrilak 21, zapatua

  • Goizez eta arratsaldez, txu-txu trena ibiliko da kalez kale.
  • 16:00etatik 20:00etara, umeentzako jolas parkeak Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 23:00. Kontzertua: Willis Drummond eta Niña Coyote & Chico Tornado, Sanagustinen (doan).

Urtarrilak 22, igandea

  • 12:00. Sokako zezen txikia Erdikaletik plaza Nagusira. Ondoren, zezen txikiak eta poniak.
  • 16:30. Sokamuturra. 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia JLarranaga | 2017-01-13 : 13:37

Hola, ederrak izango dira aurtengo San Sebastianak. Hazparne ta Quintana de la Serenako lagunak, tdanborrada, musika konjuntoak, zezena eta tren txutxukin. Aber egualdiak laguntzen duen, eskarrikasko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa