Sansebastianak 2017

Sansebastianetako helduen danborradako aurreneko entsegua egingo dute bihar

Uztarria.eus 2017ko urt. 11a, 11:17
Iazko sansebastianetako irudia.

Izarraitz pilotalekuan izango da entsegua, 21:00etan hasita. Gaztetxoenek, aldiz, hurrengo astelehenean, hilaren 16an, egingo dute aurreneko saioa.

Sansebastianak ate joka direla eta, bihar, osteguna, hasiko dira helduen danborradako entseguak. Izarraitz pilotalekuan egingo dute saioa, 21:00etan hasita. Biharkoaz gain, hilaren 17an eta 18an ere egingo dituzte entseguak. Saio guztiaz leku eta ordu berean izango dira. 

Umeen danborradako entseguak, berriz, hilaren 16an, astelehenez, hilaren 17an, asteartez, eta hilaren 18an, asteazkenez, izango dira, 15:45ean hasita, Izarraitz pilotalekuan. Umeen danborrada San Sebastian egunez egingo da, eta, ohiko taldeez gain, Hazparneko hiru ikastetxeetako haurrekin osatutako talde bat ere aterako da. Izan ere, aurten Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela 30 urte betetzen dira, eta hori ospatzeko antolatu diren egitasmoen barruan dago danborradakoa.

Zapiak salgai

Urtero bezala, sansebastianetan balkoiak apaintzeko zapiak salgai jarri ditu Udalak. Agirre, Belaetxe eta Kolpeka dendetan eskuratu daitezke, 4 euro ordainduta.