Iraurgiko kadeteak eta entrenatzaileak zoriondu ditu Udalak, Espainiako Selekzioen Txapelketan lortutako zilarrarengatik

Uztarria.eus 2017ko urt. 10a, 20:05

Joan den astean Espainiako Selekzioen Txapelketan lortutako balentriagatik zoriondu eta eskertu ditu Azpeitiko Udalak Iraurgi Saskibaloiko jokalariak eta entrenatzaileak. Huelvan (Andaluzia, Espainia), zilarrezko domina eskuratu zuen nesken kadete mailako Euskadiko selekzioak, Katalunia indartsuaren aurka finalean galduta. Talde hartan lau jokalari azpeitiar zeuden -Nerea Soraluze, Miren Ezama, Maite Merketegi eta Alazne Lizundia-, eta Iraurgiko lau tekniko aulkian -Joseba Lizarralde, Aritz Aldalur eta Luis Agirre azpeitiarrak, eta Intza Lizarazu azkoitiarra-.

Zortziak, hainbat senitartekoren babesarekin, izan dira gaur arratsean Azpeitiko Udalak egin dien harrera ekitaldian. Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak eta Eneko Etxeberria alkateak hartu dute hitza, hurrenez hurren, Udalaren izenean Iraurgiko ordezkarien lana eskertzeko eta zoriontzeko; Joseba Lizarralde Rubio izan da, bere aldetik, jokalari eta entrenatzaileen izenean Udalaren errekonozimendua eta Huelvan izan ziren azpeitiarren babesa eskertu duena.