Imsersoren termalismo programan izena emateko epea irekita dago

Uztarria.eus 2017ko urt. 10a, 17:35

Azpeitiarrek Imserson bertan edota udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan eman dezakete izena, otsailetik abuztura bitarteko egonaldietan parte hartzeko lehentasuna izateko urtarrilaren 13a baino lehen; eta irailetik abendura joan nahi dutenek, berriz, maiatzaren 12ra bitartean.

Urtero legez, adinekoei bainuetxeetan egonaldiak egiteko aukera eskaintzen dien termalismo programarako izen-emate epea ireki du Imsersok, Espainiako adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen institutuak. Parte hartu nahi duten azpeitiarrek Imserson bertan edota udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan eman dezakete izena.

Otsailetik abuztura bitarteko egonaldietan parte hartzeko lehentasuna izan nahi dutenek, urtarrilaren 13a baino lehen eman behar dute izena; hala ere, itxaron zerrendan sartzeko aukera izango dute maiatzaren 12ra bitartean egiten diren eskaerek. Egonaldia irailetik abendura bitartean egitea nahiago dutenentzat, berriz, maiatzaren 12ra arte luzatuko zaie lehentasuna izateko izen-ematea, urriaren 31ra arte izango dute eskaerak aurkeztu eta itxaron zerrendan sartzeko aukera.