Ikusmen terapiaren inguruko solasaldi irekia eskainiko dute ostegunean, Iraurgi ikastetxean

Uztarria.eus 2017ko urt. 10a, 11:46

Besteak beste, haurren eskola errendimenduan eragina duten ikusmen arazoak izango dituzte hizpide, 18:00etan hasita. Hitzaldia interesa duen edonori zuzenduta dago, eta Gentzane Garcia optometrista izango da hizlaria. 

Gentzane Garcia optometristak ikusmen terapiaren inguruko solasaldia eskainiko du ostegunean Iraurgi ikastetxeko Haur Eskolako eraikinean. 18:00etan hasiko da hitzaldia, eta gaian interesa duen edonork har dezake parte bertan. 

Haurren eskola errendimenduan eragina duten ikusmen arazoez hitz egingo du Gentzane Garciak. Izan ere, informazioaren %80a ikusmenaren bitartez jasotzen dela dio optometristak, eta irakurtzeko zailtasunak izateak eraginak izaten dituela dio.

Guraso, hezitzaile eta hezkuntzako profesionalen arreta piztea da Garciaren helburua, horiek haurrek behar bezala ez irakurtzearen, idaztearen edo egoki lan egitearen atzean egon daitezkeen faktoreak aintzat har ditzaten. Bertaratzen diren herritarrek, informazioa jasotzeaz gain, bizipenak partekatzeko eta kezkak argitzeko aukera izango dute. 

Gentzane Garcia optometrian doktoratua da Ameriketako Estatu Batuetako Birchameko unibertsitatean.