Zapatuan egingo dute 'Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso' egitasmoko aurreneko etapa

Uztarria.eus 2017ko urt. 10a, 11:13

Azpeitia-Zarautz izango da egingo duten aurreneko ibilbidea, eta 26 kilometro izango ditu. Itzulerarako bi autobus antolatu dituzte: bat Azpeitira bueltatzeko eta bestea Bilbon egingo den manifestaziora joateko.  Ostegunean amaituko da izen-emate epea.

Datorren zapatuan, hilaren 14an, jarriko dute abian Azpeitia eta Hazparne oinez lotuko dituen sei ibilaldien egitasmoa, Azpeitia-Zarautz etaparekin. Zapatuko ibilaldia 26 kilometrokoa izango da, eta honako bidea egingo dute: Azpeitia - Zestoa - Oikia - Askizu - Zarautz. Azpeititik irten eta bidegorrian Iraetaraino joango dira. Ondoren Oikiara. Bertan, Oikiako Elkartean hamaiketakoa (salda ta pintxoa) egingo dute parte-hartzaileek. Berriro ibilian Artadi ingurutik Askizura joango dira, eta aurrerago Getariara. Santa Barbaratik Zarautzera joango dira ondoren. 

Ibilaldiari 08:00etan emango diote hasiera Azpeitiko plazatik, eta 14:00-14:30 inguruan Zarautzen izatea aurreikusten dute antolatzaileek. Ondoren, itzulerarako bi autobus izango dira. Bat Azpeitira itzuliko da eta bestea Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestaziora abiatuko da.

Izena ematerakoan adierazi behar da zein autobusetan itzuliko den bakoitza. Azpeitira itzultzeko autobusa 2 euro ordaindu beharko da, eta Bilborako autobusa 4 euro.

Izen-ematea zabalik

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek ostegunera, urtarrilaren 12ra, arte dute izena emateko aukera. Izen-ematea www.lagunonakmb.org webgunean edo Lagun Onak M.B-ren tabernan (Elizkalea 21) egin behar da.

Hemen Lagun Onak Mendi Bazkunak egitasmoa zabaltzeko prestatu zuen bideoa: