Urtea ederki hasi da Añares Rioja eta Sammic ISBrentzat

Uztarria.eus 2017ko urt. 9a, 18:42
Intza Lizarazu saskipean erasoan, Ponce Valladoliden kontrako neurketan. (ISB)

Emakumeen bigarren mailako ligan, Ponce Valladolid aurkari zuzena aise gainditu zuten Iraurgikoek (79-46). Zilarrezko LEB ligako taldea, berriz, sailkapeneko lehen postura itzuli da, Gandian irabazita (64-76).

2017a garaipen garrantzitsu banarekin hasi dute Iraurgi Saskibaloiko talde nagusiek. LF2n, A multzoko lehen itzuliaren azken partidan, beheko postuetan zuzeneko aurkaria duen Ponce Valladolidi aise irabazi zion atzo, Azkoitian, Añares Rioja ISBk (79-46). Eta Gandian, Zilarrezko LEB ligaren bigarren itzuliaren estreinakoan, 64-76 nagusitu eta lehen postura itzultzea lortu zuen Sammic ISBk.

Añares Riojarekin hiruna garaipenekin sailkapenean berdintuta zela iritsi zen Ponce Valladolid Azkoitira. Neurketa garrantzitsua zen bi taldeentzat, eta Xabier Chicorena izan zen aukera aprobetxatzen jakin zuena. Partida hasieratik markagailuan aurretik jarri eta aldea handitzen joan zen Añares Rioja, amaieran 33 puntuko zuloa zabaldu arte, talde lan bikainean oinarrituta. Laura Johnsonek 35 puntu eta 45eko balorazioa lortu zituen. Zubizarretak eta Cissek 11 eta 10 punturekin lagundu zuten, eta Ana Ugarte gazteak debutatzeko aukera izan zuen.

Lehen itzulia amaitu bezala hasi du bigarrena Sammic ISBk, garaipenarekin. Gandian jokatu zuten urte berriko lehen neurketa. Oso ondo aritu zen lehen laurdenean Iker Buenoren taldea; hasieratik aurretik jarri eta erraz eutsi zion abantailari. Bigarren laurdenean, etxekoek markagailua irauli zuten. Baina atsedenaldiaren ondoren maila ona berreskuratu eta garaipen garrantzitsua erdietsi zuen Sammicek. Dezelski, Guridi eta Maiza nabarmendu ziren azpeitiarren artean. Gainera, Ierai Aizpitartek (16 urte) bere lehen puntuak sartu zituen taldearekin. Defentsa lana ere aipatzekoa izan zen, izan ere, bataz beste 82 puntu sartzen dituen taldea 62 punturekin utzi zuten Iraurgikoek. Asteburuko garaipenari esker, Sammic ISB sailkapeneko lehen postuan jarri da berriro.