86 proiektu lagundu ditu diruz Udalak 2016an ekonomiaren Sustapen Planaren bidez

Uztarria.eus 2017ko urt. 5a, 17:22
Agustin Lizarralde eta Estitxu Elduaien zinegotziak, eta IƱaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko teknikaria.

Guztira, 300.000 euro bideratu dituzte zeregin horretara. 2013an diru-laguntza lerro hori abian jarri zutenetik, eskaera gehien jaso dituzten urtea izan dela nabarmendu dute udal arduradunek, 89. 2017rako 350.000 jarri dituzte Sustapen Planerako.

Ekonomiaren udal Sustapen Planak 2016an utzitako emaitzen berri eman du Azpeitiko Udalak, "oso balorazio positiboa" eginez. Izan ere, 2013an "herriko ekonomia indartzeko eta langabeziari aurre egiteko" diru-laguntza lerro hori martxan jarri zutenetik, eskaera gehien jaso dituzten urtea izan da bukatu berri dena: 89 eskaera jaso zituzten, eta 86 proiektu lagundu dituzte diruz. Guztira, 300.000 euro banatu ditu Udalak 2016ko Sustapen Planarekin.

Laguntza jaso duten 86 proiektuetatik 22k merkataritzan eta lehen sektorean lanpostu berriak sortu dituztela nabarmendu dute udal ordezkariek. "Enplegua sortzea da gure helburua, baina kalitateko enplegua, eta hori da gaur egun gure kezka nagusia", Agustin Lizarralde Ekonomia batzordeburuaren esanetan. Estitxu Elduaien zinegotziarentzat, berriz, "Azpeitiak 2016an izandako langabezia tasaren beherakada nabarmenetik harago, Sustapen Planak azken urteotan izan duen harrera ikusita, ondo ari garela uste dugu. Urtez urte gero eta gehiago dira eskaerak, eta laguntza horien bidez sortzen diren lanpostuak".

Lau laguntza lerro

Sustapen Planeko 300.000 euroak lau laguntza lerrotan bereizita banatu dituzte 2016an.

Merkataritza arloan eta lehen sektorean enplegu sustapena finantziatzeko proiektuetarako 49 eskaera onartu dituzte; horietatik 22 eskari kontratazio berriak finantziatzeko izan dira, eta 11 Alde Zaharrean jarduera berriak ezartzeko.

Industria proiektu estrategiko edo berritzaileen bitartez enplegu sustapena finantziatzeko, berriz, 14 proiektu aurkeztu dituzte; arlo horretan, besteak beste, "Azpeitian kokatuko den enpresa garrantzitsu berri bat lagundu" dutela azpimarratu du Udalak.

Ekintzailetasuna sustatuz enpleguaren sorrera bultzatzeko 22 eskaera jaso dituzte; eta ondorio bezala enplegu sorrera duten bi proiektu sozial ekintzailek ere egin dute eskaera.

2016ko deialdikoak kontuan hartuta, Sustapen Plana abian jarri zenetik 272 proiektu lagundu ditu Udalak.

50.000 euro gehiago 2017an

2017ko udal aurrekontuen barruan, ekonomia eta enplegua sustatzeko eta formaziorako 1.069.021,38 euroko diru-poltsa onartu du Udalak; besteak beste, Sustapen Planera bideratuko duten kopurua ere hazi egingo da, 350.000 eurora iritsiz.

"Aurten eskaerak asko igo dira eta, plan honek emaitzak ekartzen dituela ikusita, hurrengo urterako diru-poltsa handitzea erabaki dugu. Horixe baita gure lehentasuna, emaitzak ematen dituzten proiektuak indartzea", adierazi du Elduaienek.