Hemen da Uztarriaren 2017ko egutegia

Uztarria.eus 2017ko urt. 5a, 13:12
Uztarriak kaleratu dituen 2017ko egutegiak.

Irudhitzen lehiaketan parte hartu zuten herritarren irudiekin eta hitzekin osatu du Uztarria Komunikazio Taldeak 2017ko egutegia. Uztarriako bazkideek datozen egunetan jasoko dute euren etxeetan, eta gainerako herritarrek erosteko aukera izango dute, Sanagustinen eta Uztarriaren erredakzioan.

Uztarria Komunikazio Taldeak 2017ko egutegia kaleratu du, Iruhitzen argazkilaritza eta literatura lehiaketak utzitako fruituekin. Uztarriako bazkide direnek etxean jasoko dute egutegia, doan. Gainerako herritarrek, berriz, egutegia erosteko aukera izango dute 5 euroren truke, Sanagustin kulturgunean eta Uztarriaren erredakzioan (Perez Arregi 1). 

Lehiaketan parte hartu zuten 83 irudietatik epaimahaiak aukeratutako 12 argazki jasotzen dira egutegian. Irudi bakoitza testu labur batez lagunduta doa. Testu horiek lehiaketaren idatzizko atalean parte hartu zuten herritarrek idatzitakoak dira. 

Irudhitzen erakusketa, otsailean

Lehiaketara aurkeztu ziren argazki eta testu guztiekin erakusketa antolatzen ari da Uztarria, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Hala, otsailean zehar Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako material guztia ikusgai izango da Sanagustinen. Data gerturatzen ari den heinean, izango duzue xehetasun gehiagoren berri uztarria.eus-en.

Azpeitiko Argazki Elkartearekin eta Kultur Mahaiarekin elkarlanean jarri zuen abian Irudhitzen lehiaketa Uztarriak, herritarrak euskarazko edukien sortzaile izateko helburuarekin. Joan den urtean izan zen parte-hartzea ikusita, aurten ere izango da argazkilaritza eta literatura uztartuko dituen lehiaketan parte hartzeko aukera.