Pajeen bisitaren ostean, gaur iritsiko dira Errege Magoak Azpeitira

Uztarria.eus 2017ko urt. 5a, 11:52

Atzo, urtarrilak 4, Errege Magoen pajeak Azpeitian izan ziren plazara hurbildu ziren dozenaka haurren gutunak jasotzen. 17:30ak aldera iritsi ziren Meltxor, Gaspar eta Baltasarren laguntzaileak udaletxeko arkupera. Ordurako bertan ziren dozenaka haur, pajeak noiz iritsiko zain. Errege magoen laguntzaileek haurren gutunak jasotzeaz gain, gozokiak banatu eta bertaratu ziren lagunekin argazkiak ateratzeko tartea hartu zuten. Atzoko argazki gehiago Urola Kostako Hitzaren webgunean. (Argazkiak: Olaia Iraola).

Horien bisitaren ostean, gaur, Errege bezpera, iritsiko dira Azpeitira hiru Errege Magoak, iluntzean kalez kale egingo duten kabalkadan parte hartzeko. 17:30ean iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Burdinbidearen Euskal Museora, trenez. Horiek 17:00etan hartuko dute trena Lasaon. Gero, 19:00etan, hasiko da kabalkada igerileku aurretik eta musika eskolako, Urola Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek lagunduta egingo dute kalejira.