Mikel Larrañaga aizkolariak zabalduko du txotx denboraldia Añotan, hilaren 13an

Uztarria.eus 2017ko urt. 4a, 14:42

Añota sagardotegian egingo dute kupelen irekiera ekitaldia, 20:30ean. Mikel Larrañaga aizkolaria izango da aurtengoan kupelak zabaltzearen arduraduna. 

Iristear da Azpeitiko txotx denboraldia; izan ere, hurrengo ostiralean, urtarrilaren 13an, emango zaio hasiera txotx denboraldiari Añota sagardotegien egingo den kupelen irekiera ekitaldian. Txotxa zabaltzearen arduraduna Mikel Larrañaga aizkolaria (Gipuzkoako txapelduna eta Euskal Herriko Txapelketa nagusian hirugarrena) izango da, eta berak emango dio aurreneko tragoa sagardoari. 

Totxaren irekiera ekitaldiak bertsoei ere egingo die lekua aurtengoan ere. Andoni Egaña, Iñaki Murua eta Xebastian Lizaso ariko dira bertsotan. Horrekin batera, Kupela taldearen erromeriak alaituko du festa. 20:30ean hasiko da ekitaldia, eta Añotara joateko autobus zerbitzua egongo da.