Errege Magoen laguntzaileak Azpeitian izango dira gaur

Uztarria.eus 2017ko urt. 4a, 12:06
Erregeen laguntzaileen etorrerako

17:30etik aurrera udaletxeko arkupeetan izango dira Erregeen pajeak, umeen eskaerak eta gutunak jaso eta gozokiak banatzen.

Errege Magoen laguntzaileak Azpeitira iritsiko dira gaur, asteazkena, euren nagusien etorreraren bezperan. Urtero moduan, Baigera jubilatuen elkarteak jarritako hitzordua betez, udaletxeko arkupeetan izango dira 17:30etik aurrera. Bertan, inguratzen diren haurrei gozokiak banatu eta euren gutunak jasoko dituzte.

Bihar, Errege bezpera, iritsiko dira herrira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, iluntzean kalez kale egingo duten kabalkadan parte hartzeko. 17:30ean iritsiko dira Errege Magoak Burdinbidearen Euskal Museora, trenez. Aurretik, 17:00etan, hartuko dute horiek trena Lasaon. Gero, 19:00etan hasiko da kabalkada igerileku aurretik eta musika eskolako, Urola Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek lagunduta egingo dute kalejira.