Zapatuan itzuliko da zine eskaintza Soreasu antzokira

Uztarria.eus 2017ko urt. 4a, 11:41

Zapatuan eskainiko dute urteko aurreneko filma Soreasun. El editor de libros pelikula izango da ikusgai, 22:00etan hasita. Gaztetxoentzat, berriz, Axel heroi txikia eskainiko dute igandean. 

Gabonetako geldialdiaren ondoren, bueltan da Soreasu antzokiko zine eskaintza. Zapatuan, urtarrilaren 7an, eskainiko dute urteko aurreneko pelikula, eta El editor de libros filma izango da ikusgai, 22:00etan hasita.

Igandean, berriz, haurrentzat Axel heroi txikia filma eskainiko dute 16:30ean hasita. Horrez gain, 19:30ean El editor de libros eskainiko dute berriro. Astelehenean, hilaren 9an, El editor de libros izango da ikusgai 21:30ean hasita. 

El editor de libros drama generoko pelikula da. Amerikar literaturan eraginik handien izan zuen Max Perkins (Colin Firth), munduko editorerik miretsienaren kronika da. Talentua sustatzeko egin zuen lan, gerora izar bilakatu ziren F. Scott Fitzgerald (Guy Pearce), Ernest Hemingway (Dominic West) edota Thomas Wolfe (Jude Law) bezalakoak jendaurrera ateratzeko.