Itxialdia eta Lannemezaneko espetxera martxa egin dituzte dozenaka herritarrek, "euskal preso politikoen kolektiboari babesa erakusteko"

Uztarria.eus 2017ko urt. 2a, 10:13

Euskal preso ohiek martxan jarri duten Kalera kalera egitasmoaren barruan, itxialdia eta Lannemezaneko espetxera martxa egin zituzten dozenaka azpeitiarrek joan den asteburuan. Ostiralean, abenduaren 30ean, presoen eskubideak aldarrikatzeko Sarek deitutako azken ostiraleko elkarretaratzearen ostean egin zuten itxialdia Sindikatu Zaharrean bildu ziren herritarrek, eta han pasatu zuten gaua. Zapatuan, berriz, Lannemezaneko (Okzitania) espetxera martxa egin zuten. Espetxe horretan dago preso Joseba Segurola Xegu azpeitiarra.

Kalera Kalera "sentsibilizaziorako eta mobilizaziorako" preso ohiek bultzatutako egitasmoa da, "euskal preso politikoen kolektiboari babesa erakutsi eta herri mobilizazioa pizteko" helburuarekin abian jarri dutena.  

(Argazkiak: Azpeitiko Sortu eta Azpeitiko Ernai).