Oihana Azkorbebeitiak eta Xabat Manzisidorrek irabazi dute XVI. San Silbestre jendetsua

Uztarria.eus 2016ko abe. 31a, 15:41
Lasterketa nagusiaren burua, plaza Nagusitik abiatu berritan.

731 korrikalarik osatu dute lasterketa nagusia eta sei kilometroko ibilbidean ikusle asko pilatu da, parte-hartzaileak animatzera. Nagore Monte  eta Iñaki Zubillaga izan dira azkarrenak patinatzaileen lasterketan.

Kirola eta festa giroa uztartu ditu beste behin Azpeitiko San Silbestre lasterketak. 2016ko azken eguna hotz esnatu da, baina parte-hartzaileen eta ikusleen artean berotu dute goiza. Batzuen eta besteen artean, milaka lagun irten dira kalera, Xeye atletismo taldeak Urola Kostako Hitza-ren laguntzarekin eta Udalaren babesean antolatutako probaren bueltan.

Xabat Manzisidor azpeitiarra (20:03) eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (23:28) izan dira XVI. edizioaren lasterketa nagusiko irabazleak. Jon Perez (20:06) eta Jon Garate (20:09) azkoitiarrek osatu dute gizonezkoen podiuma; eta Maite Etxezarreta azpeitiarrak (23:52) eta Helene Alberdi bilbotarrak (24:27) emakumezkoena. Guztira, 731 lasterkarik bukatu dute sei kilometroko ibilbidea izan duen lasterketa.

Distantzia berdina bete behar izan dute lasterketa nagusiaren aurretik egin den patinatzaileen proban atera diren 50etik gora kirolariek. Nagore Monte (14:11) eta Iñaki Zubillaga (11:51) izan dira patinetan azkarrenak. Maddi Mujikak (15:19) eta Ane Gorostegik (16:12) osatu dute emakumezkoen podiuma; eta Unai Pereak (12:10) eta Arkaitz Aranak (12:31) gizonezkoena.

Atletismo goiza 10:00etan hasi da, eskolarteko lasterketekin, eta Txolarterekin elkarlanean bigarren aldiz egin duten lasterketa inklusiboarekin.

Lasterketa nagusiaren sailkapen osoa Kirolprobak.com webgunean ikus daiteke.