Beristain izango da 2017an gaueko guardiak egingo dituen farmazia

Uztarria.eus 2016ko abe. 30a, 18:14
Beristain farmazia.

Sanjuandegiko farmaziak hartuko du, horrela, aurtengo gaueko txanda guztiak egin dituen Jacomeren lekukoa, Azpeitirako zein Azkoitirako zerbitzua bermatuz. Uztarria.eus-en eskura dago guardiako farmazien informazio eguneratua.

Bukatzear den 2016. honetan aldaketa esanguratsua ezagutu dute farmazien guardiako zerbitzuek. Horrela, joan den urtarriletik hasita, farmazia bera da urte osoko gaueko guardiak egiten dituena. Garmendin dagoen Jacome izan zen guardien sistema berrian gaueko txanda guztiak eginez estreinatu zen farmazia. Bihar, abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gaueko guardia eginda bukatuko da, horrenbestez, Jacomeren egiteko hori.

2017an, urtarrilaren 1etik hasita, Sanjuandegiko Beristain (Urbitarte, 3) izango da urte osoko gaueko guardiak egingo dituena, Azpeitirako zein Azkoitirako zerbitzua bermatuz.

Guardia guztiak, Uztarria.eus-en

Azpeitiko farmazien guardien gaineko informazio eguneratua nahi duenak, eskuragarri du egunero eta eguneratuta Uztarria.eus webgunean, Zerbitzuak atalean. Bertan, kontsultako egunetik abiatuta, hiru egunetako guardia guztiak jasotzen dira.