Baserri bideak egin eta mantentzeko lanetan ari da Udala, landa eremuko herritarren "bizi kalitatea hobetzeko"

Uztarria.eus 2016ko abe. 30a, 14:03

Aurten 200.000 eurotik gorako inbertsioa egin du Udalak baserri bideak egin edo konpontzeko. Azken hilabeteetan hainbat aldaketa eta konponketa egin dituzte Elosiaga, Matxinbenta eta Izarraitz auzoetan.

Azpeitiko Udalak aurten ere landa eremuko baserrietarako bideak hobetzeko diru-poltsa jarri du. Hala, 2016an Udalak 200.000 eurotik gorako inbertsioa egin du baserri bideak egin edo konpontzeko. Aurrekontuetan 75.000 euroko diru-poltsa jarri bazuten ere, baserrietarako hainbat bide egokitzeko eta bideetako segurtasuna bermatzeko beharra zegoela ikusita, "esfortzu handiagoa" egitea erabaki du Udalak.

Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, "landa eremuko bide guztiak egoera onean izateko lan handia egiten dugu, horrek eremu horietako herritarren bizi kalitate hobetzen duelako". Landa eremuko bide sare egokia izateak, baserrietako jarduera ekonomikoa laguntzen duela adierazi du Udalak, eta lehen sektorearen sustapenaren estrategiaren baitan kokatzen du ahalegin hori. Hala ere, Udalek lan horietarako jasotzen dituzten laguntzak "oso mugatuak" direla salatu du Labakak. 

Azken hilabeteetan, esaterako, Elosiaga auzoko Arizmendi baserrirako bidean bionda jarri dute, segurtasuna bermatzeko; Garai baserriko arditegira ur hornidura sarea eraman da; Matxinbentako Largarate behekoa baserrira ramala egiteaz gain, bidean zeuden zuloak tapatu eta konpondu dituzte; Izarraitz auzoko Urbigaindik gorako bidea hormigonatu dute; eta beste hainbat bide malkartsutan biondak jarri dituzte segurtasuna bermatzeko.  Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez "bide horretan" jarraitzeko asmoa dute datozen urteetan ere: "Azken urteotan landa eremuko etxe askotarako bideak egin edo konpondu ditugu, eta bide horretan segitzea aurreikusten dugu hurrengo urteetan ere".

Guztira landa eremuko 120 kilometro baino gehiago daude hormigoituta, gaur egun. "Bideak egiteaz gain mantenu lanak ere garrantzitsuak dira herritarren segurtasuna bermatzeko, eta horretan ere lan handia egiten dugu", azaldu du Labakak. Hala, Udalak, 40.000 euroko diru-poltsa jarri ohi du lan horietarako, urtero. Bide horretan, 2017an ere diru-poltsak jarri ditu landa eremuko bide sarea konpondu eta mantentzeko: 100.000 euro bideak konpontzeko, 40.000 euro mantenu lanetarako eta 4.000 euro postontziak konpontzeko.