Agus Barandiaran: "Trikitiaren sehaska da Azpeitia, eta horregatik aukeratu genuen hiru kontzertuetako bat emateko"

Uztarria.eus 2016ko abe. 30a, 12:35
Agus Barandiaran kontzertu batean. (Korrontzi)

Korrontzi Benefic proiektuaren barruan, kontzertu berezia eskainiko du Korrontzi taldeak gaur, ostirala, Soreasu antzokian, 20:00etan hasita. Musika eta dantza uztartuko dituzte emanaldian, eta eskainiko dituzten hiru kontzertuetan azkena izango da gaurkoa.

Asteartean, abenduak 27, Gasteizen emandako kontzertuan jendetza izan zen, eta atzo Bilbon eskaini zutenerako sarrera guztiak agortuta zeuden aspalditik. Azpeitikorako gelditzen dira sarrera batzuk, eta Agus Barandiaran (Maruri-Jatabe, Bizkaia, 1975) Korrontziko trikitilariak herritarrei Soreasura bertaratzeko deia egin die. Sarreretatik eta diskoaren salmentatik jasotzen duten dirua gobernuz kanpoko bi erakunderi laguntzeko izango da.

Korrontzi Benefic-ekin zabiltzate orain buru-belarri.

Asteartean eskaini genuen Korrontzi Benefic-en lehen kontzertua Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian, eta 2.000 pertsona inguru bertaratu ziren. Izugarria izan zen, oso gustura aritu ginen. Sarrera asko eta disko asko saldu genituen. Korrontzi Benefic-ek bi atal ditu: diskoa eta kontzertuak. Diskorako kantu berezi eta berri bat egin dugu umeentzako, haiek irribarre eta dantza egin dezaten. Abesti horretan parte hartu dugu Korrontziko kideok, Xabier Zabalak, Pirritxek eta Porrotxek, Xabier Berasaluze Leturiak eta beste hainbatek, eta kantu hori sartu dugu disko batean. Disko hori salduta ateratzen dugun dirua gobernuz kanpoko bi erakunderi emango diegu, kontzertuetako sarreretatik jasotakoa bezalaxe. Diskoa salgai izango da kontzertu benefikoetan, eta, hiru kontzertu benefikoetan azkena izango da Azpeitikoa. Izan ere, atzo Bilboko Campos Eliseosen izan ginen.

Zein erakunderi laguntzeko sortu duzue proiektua?

TDH-Gizakien Lurra eta Aitzina-Aefat elkarteentzat. Gizakien Lurra mundu mailako erakundea da, baina Euskal Herrian delegazioa dauka. Euskal Herriko delegazio horrek Afrikatik gaixorik dauden eta ebakuntzaren bat behar duten umeak ekartzen ditu hona, han ez dutelako horretarako ez modurik, ez biderik. Euskal Herrian harrera familiek hartzen dituzte haur horiek, eta denboraldi bat igarotzen dute hemen, sendatu bitartean. Osatutakoan bueltatzen dira beren jaioterrira. Hemen igarotzen duten egonaldian, ebakuntzaz eta mediku zerbitzuaz gain, ikasten jarraitzen dute, eta umeek euskaraz ikasten dute.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.