Hainbat hobekuntza egingo ditu Kirol Patronatuak 2017an

Uztarria.eus 2016ko abe. 30a, 11:23
Igerilekuko eraikina. (Azpeitiko Udala)

Zapatu eguerdietan ez dute itxiko igerilekuaren eraikina, eta igandeetan ordubete gehiago izango da zabalik. Horrez gain, bazkidetza kuota bere horretan mantenduko du Udalak. 

Udal Kirol Patronatuak datorren urtean hainbat hobekuntza egingo ditu. Alde batetik, bazkidetza kuota bere horretan mantenduko du. Horrez gain, igerilekuko ordutegia zabalagoa izango da, eta zapatu eguerdietan ez dute itxiko. Hala, 09:00etatik 20:00etara izango da zabalik zapatuetan. Igandeetan, aldiz, ordubete gehiagoz izango da irekita; hain zuzen, 09:00etatik 14:00etara.

Bestetik, langabezian dauden herritarrek eta ikasten ari diren 30 urtera arteko langabezian diren eta gurasoen etxean bizi diren biztanleek ez dute beste bazkidetzarik egin beharko; hau da, familia abonuaren barruan sartuko dira. Orain arte, hobari hori jasotzeko muga 25 urtera artekoa zen. Horiez gain, uda ondoren bizikleta gehiago jarri zituen patronatuak gimnasioan, eta luzaketak egiten gune bat ere egokitu dute behin-behinean. Horrez gain, eraikinaren azken solairuko eremu bat berrituko dute, "gune argitsuagaoa eta erabilgarriagoa" bilakatzeko asmoarekin. Gainera, Kirol Patronatuko ordezkariek azaldu dutenez, igerileku eraikinean energia aurrezten jarraitzeko proiektu berri bat ere garatuko dute.

Estitxu Elduaien Kirol zinegotziak eta Kirol Patronatuko lehendakariak adierazi duenez, "etengabeko hobekuntza" da Udalaren helburua, "herritarrek ahalik eta kirol eskaintza publiko onena izateko". Horregatik, eta urte honetan herritarrekin egindako hainbat bileretan jasotako ekarpenen ondoren, datorren urterako hainbat berrikuntza aurreikusita dituztela azaldu du Elduaienek. Hala ere, zerbitzu publikoa dela jakitun, "diru publikoaren kudeaketak eskatzen duen arduraz jokatuta" egiten dutela azpimarratu du Elduaienek.

Gaur egun, 6.350 herritarretik gora dira Kirol Patronatuko bazkideak, eta Udalak esan duenez, kopuruak "nabarmen" egin du gora. Igerilekuko eraikina berritzeak horretan eragina izan duela azpimarratu du Udalak.

Herritarrei informazioa helarazteko bideak ere hobetu egingo dituztela jakinarazi dute Kirol Patronatutik, modu digitalean zein bestelakoan. Kirol Patronatuak @azpeitikoK Twitter kontua eta Azpeitiko Kirola Facebookeko orria ditu, eta herritarrek informazioa behar badute azpeitia@kirolak.eus helbidera idatzi besterik ez dutela gogorarazi dute.