Bigarren diskoa aurkeztu du Kalusek, aurreneko lana aireratu zuen leku berean

Uztarria.eus 2016ko abe. 30a, 10:25

Ez du hitzik behar Kaluseren bigarren diskoak entzuleak hitzik gabe uzteko. Goxoa bezain indartsua da Kaluse bikote azpeitiarraren disko berria. Lasaia bezain bizia. Aurreneko lana aireratu zutenetik urtebete igaro ostean, atzo, abenduak 29, aurkeztu zuten Unai Martinezek (Azpeitia, 1996) eta Ibon Gerrak (Azpeitia, 1996) Kaluse izeneko bigarren diskoa Azpeitiko Gaztetxean, euren doinuak entzuteko irrikaz zeuden ehundik gora lagunen aurrean. 

Bada esaten duenik zaila dela letrarik gabeko abestiekin entzuleen arreta lortzea. Hori ez da, behintzat, Kaluseren kasua. Izan ere, gitarra elektrikoa eta bateria lagun, musika instrumentala eskaintzen dute Martinezek eta Gerrak, eta entzuleak euren doinuetan harrapatuta gelditzea lortzen dute. Hala egin zuten atzo ere, ordubete inguru iraun zuen zuzenekoan. 

Bigarren diskoan hainbat kolaborazio jaso ditu Kalusek, tartean Iraia Bereziartua eta Felipe Murillorekin egindakoa. Disko berrirako doinuen grabaketa lanak Azkoitiko Jan ta Lo baserrian prestatutako behin-behineko estudioan egin zituzten joan den irailean, Ander Barriusoren laguntzarekin.

Iazko azaroan aurkeztu zuten aurreneko lana, Azpeitiko Gaztetxean. Orduz geroztik, hainbat zuzeneko eskaini dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetan, entzuleei rock instrumentalaz gozatzeko aukera emanez. Bigarren lanarekin ere oholtzaz oholtza kontzertuak eskaintzen ibiliko da Kaluse datozen hilabeteetan.

(Argazkiak: Uztarria eta Azpeitiko Gaztetxea).