San Martin estratako lanak bukatuta, urtarrilean hasiko da Udala Artzubiko bidegorri zatia egiten

Uztarria.eus 2016ko abe. 29a, 19:04
San Martin estrataren itxura, obrak bukatuta. (Azpeitiko Udala)

Argiteria, saneamendu, telekomunikazio, ur eta elektrikitatze azpiegiturak berritzeko eta egokitzeko lanak ere egingo dituzte. Guztira, 176.418 euroko aurrekontua dute lanek.

San Martin estrata eta Artzubia etorbidea bizikletentzat egokitzeko proiektuaren bigarren fasea urtarrilean hasiko dela iragarri du Udalak. San Martin estratan urrian hasi zituzten lanak bukatuta, Artzubiko zatiari dagozkionekin hasiko dira orain. Udalerriko Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruan, herri barruko bidegorri sarea osatzeko obrak dira horiek.

San Martin estratan espaloia kendu, galtzada-harria jarri eta bidea berdindu dituzte. Estratako aparkalekua ere berritu dute, bere lekuan mantenduz; zama-lanetarako tokia da lekuz aldatu dutena, ilada berean baina Artzubi aldeko ertzera hurbilduta.

Urtarrilean hasi asmo dituzten lanetan, berriz, San Martin egoitzaren parean, errepidetik espaloiko zuhaitzetara arteko zatia bidegorri izateko pintatuko dute. Zuhaitzetatik eraikinera bitarteko zatia bere horretan utziko dute, oinezkoentzako pasealeku gisan. Artzubiko 11. eta 13. etxe atarien parean, espaloi estua dagoenez eta errepideak hura zabaltzeko modurik uzten ez duenez, oinezkoek lehentasuna izaten jarraituko dutela azaldu dute udal arduradunek. 13. etxe ataritik zezen-plaza bitartean, berriz, bi metro zabaleko bidegorria egingo dute, eta beste bi metro baino gehiago geldituko dira oinezkoentzako.

Bidegorria egitearekin bat, argiteria, saneamendu, telekomunikazio, ur eta elektrikitatze azpiegiturak berritu eta egokitzeko lanak ere egingo dituzte. Guztira, 176.418 euroko aurrekontua dute Artzubian hastear diren lanek.