Sukaldaritza makrobiotiko tailerra antolatu du Gazteria Sailak urtarrilerako

Uztarria.eus 2016ko abe. 28a, 13:29

Urtarrilaren 9an zabalduko dute ikastaroan izena emateko epea. Tailerrak lau saio izango ditu, eta aurrenekoa urtarrilaren 17an izango da. 

Urtea bukatzear da, baina Gazteria Saila dagoeneko hasi da hurrengo urtera begirako egitasmoak antolatzen. Hala, sukaldaritza makrobiotiko tailerra eskainiko dute urtarrilean.

Sukaldaritza makrobiotikoko ikastaroa 18 urtetik gorako herritarrei eta sukaldaritza mota horretan hasiberriak direnei zuzenduta dago. Guztira lau saio egingo dituzte astearte arratsaldetan, honako data hauetan: urtarrilaren 17an, 24an eta 31n eta otsailaren 7an. Sukaldaritzako eskola guztiak Gaztelekuan eskainiko dituzte.

Ikastaroan parte hartzeko izen-ematea urtarrilaren 9an zabalduko dute. Izen ematea Gazte Informazio Bulegoan (GIB) egin daiteke, bulegora bertaratuta, 943 15 71 60 telefonora deituta edo gib@azpeitia.eus helbidera mezua bidalita.