Azpeitiko Sarek Udalak onatutako mozioaren balorazio "oso positiboa" egin du

Uztarria.eus 2016ko abe. 27a, 15:47

Udalak aho batez onartutako testuaren edukiaz eta bi alderdiek adostasunera iristeko erakutsitako jarreraz balorazio "oso positiboa" egin du Azpeitiko Sarek. "Desberdinen arteko elkarrizketaren bidez, adostasunera iristeko saiakera egiten ari gara Saretik, eta nahiz eta mozio honen lanketan Sarek ez duen parterik izan, testua aho batez onartu izan aurrerapausoa dela uste dugu. Azken asteetan, herriko eragileekin bildu garen bezala, Azpeitiko Udalean ordezkaritza duten bi alderdiekin ere bildu gara, eta elkarrizketarako eta adostasunera iristeko jarrera aurkitu dugu. Ziur gaude etorkizunean elkarrekin pauso gehiago emateko gai izango garela".

Sarek adierazi du lanean jarraituko duela euskal presoek, iheslariek eta deportatuek eta haien senideek eta lagunek jasaten dituzten urraketei bukaera emateko, "betiere, elkarrizketaren bidez, adostasunerako eta elkarlanerako borondate osoz". Horrez gain, Sareko kideek Gabonetarako antolatu dituzten egitasmoetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.