Preso dauden azpeitiarrei aplikatzen zaien espetxe politika salatu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko abe. 27a, 13:39
Preso dauden Gotzon Aranbururen, Josu Urbietaren eta Joseba Segurolaren irudiak.

Gaur egun Azpeitiko hiru herritar daude espetxean: Joseba Segurola, Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu. Horiei aplikatzen zaien espetxe politikak "kezkatu" egiten dituela adierazi dute udal ordezkariek. Horregatik, Udalak dispertsioarekin nahiz giza eskubiden urraketekin amaitzeko eta espetxe politika aldatzeko mozioa onartu zuen, aho batez, abenduko udalbatzarrean.

Azpeitiko Udalak preso dauden azpeitiarrei aplikatzen zaien espetxe-politika salatu du, eta hori aldatzeko mozioa sinatu zuten, bi alderdietako udal ordezkariek, aho batez, joan den abenduaren 13ko udalbatzarrean.

Egun hiru dira preso dauden azpeitiarrak: Joseba Segurola, Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu. Udalak "kezka" azaldu du horiei aplikatzen zaien espetxe politikaren inguruan: "Kezkaz bizi dugu preso azpeitiarrei aplikatzen zaien espetxe-politika, preso dauden pertsonengan, beren familiengan eta horiek guztiek dituzten eskubideen murrizketa suposatzen duelako, besteak beste". Horregatik, espetxe politika aldatu behar duela uste du Azpeitiko Udalak, "dispertsioak sortutako eskubide murrizketez gain, espetxe politika bakearen eta bizikidetza politika baten parte izan dadin. Horretarako "aitzakiarik ez" dagoela esan du Udalak: "Ez dago aitzakiarik, eta gutxiago ETAk indarkeria utzi zuenetik 5 urte bete direnean . Edozein herritarrek du berriz hasteko edo birgizarteratzeko eskubidea eta ezinezkoa da berriro, testuinguru honetan, ez dugu ikusten iraganekoa errepikatzeko arriskurik".

Azpeitiar preso guztiak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudela salatu du Udalak, Espainiako eta Frantziako gobernuek ezartzen duten sakabanaketa politikaren ondorioz. "Sakabanaketa beren legearen eta presondegiko oinarrizko tratamendu ororen aurka doa. Preso daudenekiko zein beren senide eta inguru sozial eta politikoarekiko mendekuan eta xantaian oinarritutako erabaki politikoetan oinarritzen da", adierazi dute.

Horrez gain, Udalak azpimarratu du, sakabanaketak preso dauden lagunen bizi baldintzak "gogortzen" dituela, eta zigorra senide eta inguruko pertsonei zabaltzen diela. Izan ere, preso dagoen lagunarekin denbora labur batez egon ahal izateko "izugarrizko esfortzua" egitea suposatzen duela adierazi dute, "bai denbora aldetik, bai espetxeetara joateko egin behar diren bidai luzeek eskatzen duten arriskuen aldetik, eta, baita ere horrek guztiak suposatzen duen dirutzagatik".

Honakoak dira abenduko udalbatzarrean aho batez sinatu zuten mozioaren puntuak:

- Azpeitiko Udalak egungo espetxe politika salatzen du

- Euskal gizartearen gehiengoa bezala, kartzela politika berrikustea eskatzen du Azpeitiko Udalak, bizi dugun garai politiko berri honetara egokitzeko.

- Dispertsioarekin berehala bukatzeko eskatzen du Azpeitiko Udalak.

- Azpeitiko gizarteari eta Espainiako eta Frantziako gobernuei mozioaren berri emango dio Udalak.