80 herritarrek jasoko dute alokairurako diru-laguntza aurten

Uztarria.eus 2016ko abe. 27a, 11:26

Herritarrek guztira 86 eskera egin badituzte ere, "arrazoi ezberdinak tarteko", sei eskaera baztertu behar izan dituzte. Aurten diruz lagunduko diren eskaeren %42,17a Alde Zaharrean kokatutako etxebizitzak dira. Udalak 150.000 euro bideratu ditu alokairurako diru-laguntzetarako.

Aurten, 80 pertsonek jasoko dute Azpeitiko Udalak ematen duen alokairurako diru-laguntza, iaz baino 22 pertsona gehiagok. Guztira 86 herritarrek eskatu dute sustengu ekonomikoa, baina "arrazoi ezberdinak tarteko", sei eskera baztertu behar izan dituzte. Udalak azaldu duenez, 18 eta 35 urte bitarteko gazteak dira laguntza jasotzen duten gehiengoa, laguntza eskatu duten 86 lagunetatik 74 baitira kolektibo horretakoak. 70 urtetik gorako bost herritarrek eta banandutako 7 lagunek ere eskatu dute diru-laguntza.

Ainara Larrañaga Gazteria zinegotziaren hitzetan, gazteen arazoetako bati aurre egiten laguntzeko bultzada da alokairurako diru-laguntzena: "Jakina da gaur egungo merkatuak eta gazteen langabezia tasa altuak eta lan baldintza eskasek zail egiten dutela gazteek etxebizitza duin bat izateko aukera. Laguntza honen helburua, batez ere gazteei, etxebizitza alokatzeko aukerak eskaintzea izan da hasieratik, eta eskaerek erakusten dute gazteen behar hori", adierazi du.

Udalak urtero 150.000 euroko partida jartzen du alokailurako diru-laguntzetarako. 2014. urtean, 47 lagun izan ziren Udalaren laguntza jaso zutenak. Iaz, sustengu ekonomikoa jasotzeko aukera kolektibo berrietara zabaldu zuen Udalak, eta hala, 68 lagunek jaso zuten diru-laguntza. Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, "Urtez urte gero eta jende gehago ari da laguntza hauek eskatzen, eta gero eta kontratu gehiago ari gara laguntzen. Beraz, laguntza hauek beharrezko eta kasu askotan ezinbestekoak direla ikusten dugu". 

Alokairua sustatu eta etxebizitza babestuen alde egiten duen etxebizitza politikak ere "ezinbestekoak" direla azpimarratu du Leire Goenaga zinegotziak: "Alokairurako laguntzak emateaz gain, etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko balio izan duela nabarmena da. Etxe hutsetatik abiatuta egin behar ditugu etxebizitza politikak, eta laguntza hauek etxe hutsei Ondasunen Higiezienen Zergan ezarritako errekagoarekin batera eraginkorrak direla uste dugu".

Laguntzen ia erdia Alde Zaharrean alokatzeko

Aurten, diruz lagunduko diren eskaeren %42,17a Alde Zaharrean kokatutako etxebizitzak izan dira, eta oinarrien arabera gune horretan kokatzen diren etxebizitzek hilean 50 euro gehiagoko laguntza jasotzen dute.

41 lagunek lehen aldiz eskatu dute laguntza, bigarrezgoz 26rek eta 19k hirugarrengoz. Leire Goenagak azaldu duenez, "ikusten ari gara urtez urte jende berriak eskatzen duela laguntza, eta urtez urte kontratu berriak laguntzen direla".  

Alokairurako diru-laguntzez gain, Udalak Babes ofizialeko eta tasatuko beste 27 etxebizitza ditu alokatuta. Horrez gain, Udalak 2005ean abiatu zuen Bizigune programari esker, herrian beste 52 etxe daude alokatuta.