Kalera Kalera dinamikaren barruan itxialdia eta Lannemezaneko espetxera martxa egingo dituzte aste honetan Azpeitian

Uztarria.eus 2016ko abe. 26a, 18:22
Kalera Kalera-ren barruan Azpeitian iragarri dituzten ekimenen kartela.

Abenduaren 30ean, hileko azken ostiraleko elkarretaratzea bukatutakoan, hasiko dute itxialdia Sindikatu Zaharrean. Zapatuan, berriz, Okzitanian dagoen presondegira joango dira; hilaren 31ko martxan parte hartu nahi dutenek Orkatzen eman behar dute izena.

Kalera Kalera, bakea eta askatasuna irabaztera dinamika aste honetan iritsiko da Azpeitira. "Sentsibilizaziorako eta mobilizaziorako" preso ohiek bultzatutako egitasmoa da Kalera Kalera, "euskal preso politikoen kolektiboari babesa erakutsi eta herri mobilizazioa pizteko" helburuarekin abian jarri dutena. Usurbilen, abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra Kaleragunea jarri dute eta, harekin uztartuta, herriz herri ari dira dinamika zabaltzen egunotan.

Azpeitiari, esan bezala, aste honetan tokatuko zaio txanda, bi hitzordurekin. Abenduaren 30ean, ostirala, hileko azken ostiraleko mobilizazioa amaitu ondoren itxialdia iragarri dute, Sindikatu Zaharrean. Zapatu goizera arte egingo dute itxialdia, Urte Zahar egunean Lannemezaneko (Okzitania) espetxera egingo duten martxarako abian jarri bitartean; egun horretan Kalera Kalera-k deituta espetxeetara egingo dituzten martxekin bat egingo dute, horrenbestez, Azpeitian ere. Hilaren 31n, 08:30ean abiatuko dira Azpeititik, eta 16:30erako bueltan izatea aurreikusi dute.

Itxialdian zein Lannemezanerako martxan parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena, Orkatzen.