Azpeitiko dendetan gastatzeko 500 euroko hiru bono zozkatuko ditu Udalak erregetako zozketan

Uztarria.eus 2016ko abe. 26a, 14:42

Zozketaren helburua da herriko merkataritza txikia sustatzea. Gaurtik hasi eta urtarrilaren 5era arte bezeroei zenbakidun boletoak banatuko dizkiete herriko hainbat saltokitan, eta zozketa erregeen etorretan egingo dute. 

Gaurtik, hilaren 26tik, urtarrilaren 5era bitartean, zozketa berri bat izango da Azpeitiko hainbat dendetan: errege zozketa. Azpeitiko Udalaren ekimenez, 500 euroko 3 erosketa bono zozkatuko dira, Azpeitiko saltokietan erosketak egiteko. Agustin Lizarralde zinegotziak adierazi duenez, "Gabon garai honetan ere bertan erosteko eta bertako merkataritza bultzatzeko gure aletxoa jarri nahi izan dugu".  

Urtarrilaren 5a bitartean zozketarekin bat egin nahi izan duten herriko dendetan zenbakidun boletoak banatuko zaizkie bezeroei. Zozketa urtarrilaren 5ean egingo dute, erregeen etorreran. Hiru zenbaki saritu izango dira, eta bakoitzak 500 euroko erosketa txartela jasoko du Azpeitiko dendetan gastatzeko. Irabazleek urtarrilaren 31ra arte izango dute Udalarekin edo Bertan Merkataritza Elkartearekin harremanetan jartzeko aukera. Data horretara arte zenbaki saridunak agertuko ez balira, ordezko zenbakiek eskuratu ahal izango dute 500 euroko erosketa bonoa.