Soreasu jendez goraino, Udal Musika Bandaren 150. urteurrena txalotzeko

Uztarria.eus 2016ko abe. 26a, 11:57

Jendez lepo bete zen Soreasu antzokia joan den ostiralean, abenduaren 23an, Udal Musika Bandaren 150. urteurreneko kontzertuan. Zuzeneko berezia bezain ederra izan zen, eta antzokira bertaratu ziren ehunka herritarren txalo zaparradarik ez zen falta izan emanaldiak iraun zuen bitartean. Udal Musika Bandak ondo merezitako txaloak.

Dantza, antzerkia eta musika izan ziren ikuskizunaren osagai nagusiak. Guztira 150 lagun inguru igo ziren Soreasuko agertokira bi ordu inguru iraun zuen kontzertuan zehar, hala nola Itsasiko eta Sahatsako dantzariak, Izarraitzeko eta Juan Antxietako txistulariak, Tobalo Iglesias taldekoak, Luis Alberdi Beltzaren dantza eskolako kideak, Jose Mari Orbegozo eta Dantzaki taldekoak, Antxieta eta Julian Barrenetxea abesbatzetakoak, Kbeat ahots taldekoak, Methalika taldeko kideak nahiz Garikoitz Mendizabal, Iraia Bereziartua eta Ignacio Arakistain musikariak eta Olatz Prat eta Angel Azkue Piti abeslariak. 

Bestalde, Udal Musika Bandaren historiatik ere egin zuten errepasoa, Urtzi Oteiza Kaitok irudi zaharrekin osatutako bideoari esker. 

ETBk grabatu zuen emanaldia, eta ETB1eko Oholtzan saioan emango dute urtarrilaren 21ean, 21:45ean. Data hori behin-behinekoa dela azaldu dute, eta behin-betiko data emankizuna baino 10 egun lehenago zehaztuko dute. 

Joan den ostiraleko kontzertuarekin 150. urteurreneko egitasmoei bukaera eman die Udal Musika Bandak. Izan ere, urteurrenaren aitzakian, hainbat eta hainbat ekimen egin dituzte urtarrilean hasi eta abendua bitartean: ibilaldi musikatua monumentu historikoetan zehar, trenaren inguruko kontzertu tematikoa, filmetako soinu banden kontzertua eta banden arteko alardea, besteak beste. Horrez gain, musika bandaren 150 urteak jasotzen dituen liburua ere aurkeztu zuten joan den azaroan.