"Bisita eskubideak urratzen" dizkiotela salatu du Iosu Urbieta 'Pow' azpeitiar presoak

Uztarria.eus 2016ko abe. 23a, 18:06

Poitiers-Vivonneko presondegian (Frantzia) kide dituen Raul Adunarekin eta Montxo Varearekin batera gutuna plazaratu du, egoeraren berri emateko.

Iosu Urbieta Pow azpeitiar presoari bisita erregimena aldatu eta murriztu dio Poitiers-Vivonneko (Frantzia) presondegiko zuzendaritzak. Egoeraren berri emateko eta "bisita eskubideak urratzen" dizkiotela salatzeko, kartzelan presokide dituen Raul Adunarekin eta Montxo Varearekin batera gutuna plazaratu du Urbietak.

Hau da, osorik, hiru presoek zabaldu duten mezua:

"Lehenik eta behin, jaso ezazue besarkada bero bana egun seinalatu hauetan, Euskal Preso politikoen eskubideen alde lanean zabiltzatenok. Gutun honen bidez, Poitiers-Vivonneko espetxean bizi dugunaren berri eman nahi dizuegu. Espetxe honetan 3 kide aurkitzen gara, Raul, Montxo eta Iosu. Poitiersko espetxea Euskal Herritik 500 bat kilometrora aurkitzen da eta, Euskal Herritik urrunduak eta kolektiboko beste kideekin sakabanatuak egoteaz aparte, azken asteotan bisita eskubideak urratzen ari zaizkigu. Iosu D.P.S. bezala kalifikatua dauka espetxe administrazioak. D.P.S. izateak 'preso bereziki zaindua' esan nahi du. Kalifikazio hori espetxe administrazioak espetxeratua izan zaren afera nolakoa denaren arabera jartzen du. D.P.S. izateak hainbat neurri aplikatzea ekartzen du, besteak beste, espetxeko mugimenduak kartzelero batek zaindua egitea, gauetan 3 ordutik behin begitxulotik begiratzea (neurri hori Raulek eta Montxok ere jasaten dute), horrek askotan esnaraztea suposatzen duelarik... Bisitei dagokienez, orain arte D.P.S. kalifikazioa zuten presoek elkarrekin bisita ordu eta egun berean egin ahal bazuten ere, orain bi D.P.S.-k ezin dutela ordu berean bisita egin esan digute. Horrek suposatzen du aste bukaeran bisita bikoitza hartua badu D.P.S. batek, besteak ezin duela ordu horretan egin; edo lehenago bisita sinplea (45 minutu) egiten du, edo ez du bisitarik egiten. Astean zehar bisitak egiteko aukera ere badago eta, tarteka egiten baditugu ere, gure senide eta lagunek normalean astean zehar beraien eginbeharrak dituztenez, aste bukaeran etortzen dira bisitan. Espetxeko zuzendaritzaren aldetik harturiko neurri honek, Iosuren kasuan, bisita bikoitza hilean bi aste bukaeratik behin edo gutxiagotan egitea suposatuko luke.

Hemen aurkitzen garen kideok ez dugu inolaz ere onartzen orain arte dugun bisita eskubidea ukatua izatea; espetxe zuzendaritzak bisita eskubidea ukatu beharrean zentzuzko irtenbide bat ematea exigitzen dugu, horretarako espetxe zuzendaritzarekin bilera bat egitea eskatu dugu.

Espero dugu lehenbailehen zuzendaritzarekin bildu eta akordio batera iristea, non Iosuren bisita eskubideak errespetatuak izango diren eta orain arte bezala senide eta lagunek bisita egiteko arazorik ez duten izango. Beste senide eta lagunen egunetatik aparte bisitak egin behar izateak, kanpotik datozenei ere zigor gehigarria suposatzen baitie. Bisita egunetan guztiak batera etortzeko elkar koordinatzen dira, gastu ekonomikoa elkarrekin konpartitu dezakete, bakarrik bidaiatzeari (horrek suposatzen duenarekin) eta abar aurre egiten diete. Arazo honi buelta emateko, Euskal Herritik gutun bidalketak eta guk espetxean bertan hainbat ekimen jarriko ditugu martxan; arazoa konpondu ezean, beste borrokaldi batzuei emango genioke bide. Euskal Preso Politikoen kolektiboa osatzen dugun kideon eskubideak errespetatuak izateko espetxe barruko eta kanpoko koordinazioa ezinbestekoa ikusten dugu. Guztion presioak ahalbideratuko baitu kolektiboko kideoi aplikatzen zaizkigun salbuespeneko egoerak gainditzea. Zoritxarrez, amaigabeak dira etsaiak gure kolektiboko kideon aurka aplikatzen dituen eskubide urraketak, eta guzti horrek mendeku politikari eta gure herria ito nahiari soilik erantzuten dio. Guzti horri aurre egiteko ezinbestekoa dugu barruan eta kanpoan antolatzea; beraz, hemendik jaso ezazue gure besarkada borrokalariena eta, Euskal Herria bihotzean, ondo amaitu urtea eta hobeto hasi. Guztion artean lortuko dugu.

 

EUSKAL HERRIA KALERA

PRESOAK KALERA"